Hiri guztiek dute beren bihotza, beren arima gordetzen duten kale estu eta meharrak. Batzuetan aldapan gora, besteetan behera, gutxitan leku lauan.
Euskal Herrietako Alde Zaharretan goikokaleak, go(i)enkaleak edo goikuriak; erdikokaleak nahiz artekaleak, eta beheraxeago barrenkaleak, edo Bilboren kasuan bezala "barrenkale barrenak" ere: beheko kalearen barrenean, behealdean, dagoena, alegia.
Eta hauetan guztietan, "Zaharrean" gora eta behera, sortu dira mendez mende eta urterik urte hainbat ekimen politiko, sozial eta kultural. Herri edo hiriei beren izaera osatzen lagundu dieten proiektu berritzaileak. Alde Zahar horietan mamitu dira maiz herriak hobetzeko proposamenak, hausnartu dira sarri hiriak eraldatzeko egitasmoak eta antolatu dira usu herrialdeak iraultzeko matxinadak.
Zaharrean gustura ibil zitekeen pasa den asteetako egun kiskalgarrietan gerizpea aurki baitzitekeen alde batean edo bestean, mendebaldean ala ekialdean. Eta Gasteizko Alde Zaharrean harro ibili ziren aste osoan zehar ume zein nagusi, gazte eta zahar, jolas, kontzertu, antzezlan, ibilbide, filma eta jai artean. Zaharrean pozik, festak antolatzeko beste modu batez harro.
Festak amaitu ziren, bai, baina festa gogoak iraun egin zuen beste astebetez ere, eta kaleei tabernek hartu zieten erreleboa: Jazzaharrean musika jaialdiaren txanda izan zen. Astearte batean hasi zuen Petti handiak blues doinu ederrekin, eta ondoren Gurutze’s Manouches taldeak hartu zion lekukoa, aurreko egunean bezala Frantzisko Xabier deunaren zeharkalean. Izan ere, kale batetik bestera igarotzeko zeharkaleak asmatu baitzituzten behialako euskaldunek; kale bat bestearekin lotuz, hiri zaharrarri arnas eman nahian.
Gertaera ugari jazotzen dira Zaharrean, eta uda amaitu aurretik ere izango dira beste hainbat ekimen kultural, sozial eta politiko gertutik jarraitzeko modukoak Errementari, Zapatari nahiz Hedegile kaleetan ez bada, Aiztogile, Pintore edo Barrenkaleetan…zaharrak beti berri!