Izenburua irakurtzean bateren batek pentsatuko du, baina zertan ari da honako hau 21. Korrikaren leloa gurera ekartzen? Bada hilabete pasatxo amaitu zela, eta orain egin behar al du hausnarketa?
Altzako Jon errudun, berea burutazioa, berak piztu dit gogoetarako txispa, eskuetan jarri klika egiteko zizpa, plaza beteek eta enparantza hutsek sortu baitigute poza nahiz kezka.
Gure hirian astelehenak ez zuen izan beste hizpiderik, hauteskundeetako liskarren oihartzunek ez zuten izan lekurik; aitzitik, asteburuko plaza, kale eta taberna hutsak bilakatu ziren berbetarako aitzaki. Izan ere, non demontre sartu ziren errusiarrak eta turkiarrak? Nora demonio joan ziren zerbeza kupelak edan eta milaka pintxo zein ogitarteko jango zituztenak?
Plazak hutsik eta tabernetako mostradoreak bete-beteak nork eskua luzatu zain, husteke.
Ez naiz ni izango 4ko finalik –fainalfourrik– ez dela antolatu behar esango duena (Kerexetaren izpirituak libra nazala horrelakorik esatetik!), baina, oso garbi aldarrikatu, defendatu eta sustatu nahi dudana da badirela "hainbeste" laguntza mediatiko eta instituzional jasotzen ez duten ekimen, jaialdi eta festa begirune eta babes gehiago merezi dutenak.
Ez da beharrezkoa alderaketa ankerrik egitea, baldintza ezberdinak izan ziren asteburu batean eta bestean, baina gure erakundeek azken honetan eginiko diru publikoaren xahutze ariketak, horrek bai merezi duela hausnarketa eta autokritika.
Eztabaida ez da plazak betetzen diren ala ez, gogoetarako iturria diru publikoaren xahutzea izan behar da. Ekimen zehatz batek 4 milioi euro jasotzen baditu, gutxi samar geratuko da besteentzat, ezta?
Zertan inbertitu behar dute gure erakundeek? Zein ekimen sustatu? Nola? Eta batez ere, zein neurritan?
Larunbatean hausnarketa eguna ei da, izenari ohore egin diezaiogun, eta ariketa horren ondoren ez dezagun gure botoa hautetsontzian itsumustuan sar.
Egin dezagun klika!