País petit

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Lazkano 2019ko ots. 21a, 13:37

"Hamabi aulkitan kabitzen da herrialde osoa eta bere duintasun guztia"

"Nire herrialdea hain da txikia, ezen eguzkia lotara joaten denean, inoiz ez da guztiz seguru hura ikusi izanaz."

Eta egun hauetan are txikiagoa da ene bigarren aberria; are txikiagoa, hamabi aulkitan kabitzen baita herrialde osoa eta bere duintasun guztia. Eta eguzkia ezkutatu da gaur ere, baina ez dago ziur herrialde txiki hori ikusi duenentz; izan ere, egun hauetan ez baita egon betiko tokian, egun hauetan lekuz aldatu baitute bortxaz, Poliziaren ibilgailuetan atxilo eta derrigorrez; egun hauetan Madril aldera lekualdatu baitute.

Egun osoak, bata bestearen atzetik, eta eguzkiak, lotara joan aurretik, ez du jakin izan norantz begiratu, herrialde oso bat galdu baitu ziega eta Gorenaren itzaletan.

Egun ilunak, hitsak…adierazpen askatasuna, justizia, demokrazia, botere banaketa, proportzionaltasuna eta tankerako hitzek epaileen komuneko zulotik behera parrast egin duteneko egunak.

Baina, hala ere, ilunabarrean, egun eta ordu ezberdinetan, izan da itxaropenik egunez galdutako herrialdearen izpi zantzu ahul batzuk sentitu baititu eguzkiak, txiki baina ozen, umil baina harro, herri ezberdinetako plaza eta kaleak horiz koloreztatuz.

Tamalez, gaua heldu, eta denok gure etxeetara erretiratu ahala, eguzkiak bere herrialde txikia galdu du berriro, eta hamabi auzipetuek beren ziegetara bueltatu behar izan dute egunero togadunek hala aginduta eta poliziek eskuburdinak ipinita. 

 

                         "El meu paÌs ès tan petit 

                          que sempre cap dintre del cor 

                          si ès que la vida et porta lluny d’aquÌ 

                          i ens fem contrabandistes, 

                          mentre no descobreixin 

                          detectors pels secrets del cor".

 

Eta horretan gabiltza gu eta milaka hiritar kataluniar gau eta egun, bihotzeko sekretuen muga-pasan, elkartasun trukean. Kontrabandistak gara, eta bi herrialdeen arteko zubiak zeharkatuko ditugu, harat eta honat.  

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago