'Ohiturak'

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Lazkano 2019ko urt. 10a, 09:00

"Ohikeriek ez digute aurrera egiten uzten; traba bilakatzen dira, burdinazko kate".

Antza denez aldatzen zailenak, agidanez gorde beharrekoak, dirudienez jagoteko eta sustatzeko modukoak. Baina, nork erabakitzen du hala behar duela izan? Zeintzuk mantendu eta zein baztertu? Sotanadun espiritu zaintzaileek ala kaikudun agintari politikoek? Akaso trajedun botere ekonomikoek?

Ohitura ugari ohikeria bilakatu, eta izan da hauek sutsu defendatu duen jendarte atzerakoia, baina zorionez baita hauek hankaz gora ipini dituen errebelde intsumiturik, iraultzailerik ere, ondoren gizarte osoak irabazitako eskubideez gozatzeko.

Ohikeriek ez digute aurrera egiten uzten, ez digute lagatzen esperimentazioaren bidez egoerak hobetzen; traba bilakatzen dira, edo are okerrago, burdinazko kate eta aingura pisutsu.

Albo batera utzi behar ditugu zenbait ohitura eta ohikeria gehienak, arriskatu beharra dago bizitzako arlo guztietan, aurrera egin eta norberaren nahiz komunitatearen garapena ziurtatu.

"Dabilen harriari etzaika goroldiorik lotzen" zioen Axularrek behiala, eta geroztik beste askok ere antzerako hitzak erabili dituzte; baina, nolatan gaude gaur egun atzera begira nagusiki? Zergatik ideia eta ekintza atzerakoiak aurrera bidean? 

Ohiko jokabideek ez dute ezer urratzen, aitzitik, mugitu eta kateak sentitzen dituztenak soilik saiatzen dira bidegabekeriak gainditzen, eraldatzen eta gizarte osoarentzat onuragarri izan daitezkeen proposamenak egiten.

Betoz urte berriarekin grina ausartak, bihoaz ohikeria zaharrak.

Hala biz! 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago