Ablaba vascuence

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Lazkano 2018ko ira. 28a, 10:50

"'Gastehiz'-ek historia ederra du Erdi Aroko azoka interesgarria antolatzeko"

Asteburu honetan Erdi Aroko azoka izango dugu berriro ere Gasteiz zaharrean, eta bertako euskaldunok oso arrotz sentituko gara hiriaren sorrera izan ziren muino gaineko hiru kaleetan.

Azoka gustuko izan ala ez, bertatik igarotzea erabakitzen badugu Musguis Village ezagutzeko aukera izango dugu, eta gaztelania dotorean, Erdi Aroko ipuin eta kondairak kontatuko dizkigute musguistarrek Martin Ttipia plazaren ingurumarietan.

Aldiz, Buruileria plazara joz gero, La llegada de los Orcos ikuskizun paregabea ikusi ahal izango dugu, euskaraz ez, jakina. Beste hainbat txokotan kultura arabiar, judutar eta kristauaren musika eta antzerki adierazpideak ikus eta entzungai… Baita El Comandante os convoca, Su real majestad, El príncipe Lutecio eta Partimos a las nuevas invasiones bezalako ikuskizunak ere jendearen gozagarri…Horrez gain, larunbatean, El aquelarre pagano (sic) formatu handiko gau-ikuskizuna hartuko du Sta. Maria plazak.

Ikusten duzuenez euskararen, edo behiala "Gastehiz" izandakoaren, arrasto txikienik ere ez. Ekarpen itzela, ezbairik gabe, gure hiriaren kulturari, eta begirune handia Erdi Aroko muino gaineko herriari edo bertan bizi izan zirenei. Adibidez, XV. Mendearen erdialdean Alde Zaharrean bizi izan zen Teresa Gomez Berganzo andereari: "mujer caballerosa, ynchida de gracia, que bivia en la dicha cibdad de Vitoria e traya sus bestidos e la toca a fuer de la tierra" y "ablaba bascuence".

Erdi Aroko azokak egin behar badira, egin ditzagun gure historiari begirune apurtxo bat erakutsiz, bertako ezaugarri kulturalak azaleraziz, eta ez parke tematiko aspergarri eta uniformea bailiran.

"Gastehiz"-ek historia ederra eta historialari ezin hobeak ditu Erdi Aroko azoka propio eta interesgarria antolatzeko: interes pixka bat izatekotan Ismael Garciaren Vitoria-Gasteiz y su hinterland liburuan aurkituko dituzte argibide ugari.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago