Urundiru

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Lazkano 2018ko uzt. 6a, 11:11

"Hizkuntza txikia higatzen joan zen aginte-gazteleraren mesedetan; baina euskararen arrastoak hor zeuden."

Gauza jakina da Gasteizek hartzen duela arabar lautadako, eta baita Araba osoko, jende talde ugariena, populu dentsitate altuena. Horrek berez ekarri izan du mendeetan zehar salerosketa hartu-eman garrantzitsuenak hiriburuan izatea. Eta jakin badakigu horrelakoetan ika-mikak, tirabirak eta liskarrak eguneroko ogi izaten zirela.

Bada, horrelako liskar baten bidez etorri da gugana "urundiru" hitza eta berari lotutako istorioa:

"Urundiru, que queryan desir dinero de harina". Una imposición medieval de la ciudad de Vitoria sobre los labradores de las aldeas de su jurisdicción.

Antza denez, Bitoriako jauntxoek inguruko herrietako nekazariei ordainarazten zieten zerga zen "urundiru" izenekoa…"urunaren dirua"… irinaren gaineko zerga!

Zegoeneko Gasteiz zaharra Bitoria zen aspaldi, eta bertako biztanleak arras erdaldunduta zeuden 1200 urteaz geroztik Gaztelaren eraginpean sarrarazi zituztenetik. Hizkuntza txikia higatzen joan zen aginte-gazteleraren mesedetan, baina, hala ere, euskararen arrastoak hor zeuden, bizirik eta erabilgarri; atzerakada salatzeko euskaltzaleak ere agertzen hasi ziren: Joakin Jose Landazuri eta Lorenzo Prestamero historialari eta euskaltzale handiak, kasu. Eta horrela izan zen hurrengo mendeetan ere, euskara atzeraka baina euskaltzale ugari ernetzen gasteiztar eta arabarren artean. 

Lan hori aztertzeko gero eta ikerketa gehiago egiten ari dira Arabako euskararen gainean, eta honek Mendebaldeko Euskalkian izan zuen garrantziaren inguruan. Ikerketa akademiko horietatik kultur ekimenetara ere egin du jauzi Arabako euskarak, eta Koldo Zuazo hizkuntzalariaren aholkupean Gorka Lazkanok Errementari filmean gidoia euskara mota ezberdinetara moldatzeko egindako lana luze txalotzekoa da.

Agian Arabako euskaran idatzitako testuak ez dira ugari: Lazarraga, Landuchio, Betolatza, Garcia Albeniz, Gamiz... baina euskararen arrastoak eta hizkuntzaren alde egindako adierazpen eta ekimenak, ordea, alderik alde zeharkatu dute probintzia azken hiru mendeetan.

Zamarginen kalean bada errexal eder bat, egin leidi euskararen betagarri! 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago