Hamaika lagun

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Lazkano 2018ko urt. 25a, 10:07

Bizilagunak egitasmoa. /Alea

"Nagusiak erretiratu ahala, ez genuke nork ordezkatu; ez legoke langile berririk obretan".

Urtea hastearekin batera jakin genuen jadanik milioi laurdena biztanle inguru bizi garela Gasteizen, 250.051 lagun hain zuzen ere.

Kontxo! –Pentsatu nuen nire golkorako–, Bitorixa zaharra ari duk handitzen! Baina, hori, berez, ona duk? Handitzea beti on?

Adituek diotenez, hiri erakargarri eta aukeren lurralde bilakatu zaigu Gasteiz berria, erakargune. Horren ondorioz 1.996 biztanle berri ditu hiriak eta 2.276 ume jaio dira bertan azken urtean. Adituek diotenez, zorioneko da gure hiria etorkinak erakartzeagatik, bestela, arazo larria izango genuke gero eta zaharkituagoa den gure gizarte honetan. Nagusiak erretiratu ahala ez genuke nork ordezkatu beren lanetan, ez legoke gazte langile berririk lantegi edo obretan, azken 30 urteotan erdira jaitsi baita gazte kopurua gure inguruetan.

Beraz, –galdetzen diot neure buruari– zein da arazoa?

Gure hirian bizi eta lan egiten duten 4.201 marokoarrak ala Gurtel sarekoek lapurtu dizkiguten 420,1 milioiak?

Gure auzo berriak umez betetzen dituzten 1854 nigeriarrak ala Hiriko proiektuan xahututako 18,54 milioiak?

Zorioneko gu 136 herrialde ezberdinetako bizilagunek pentsatu dutelako Vitoria zaharra eta Gasteiz berria beren ametsak gauzatzeko lur abegikorra izan daitekeela. 

Eutsi diezaiogun apustuari, eta har dezagun erronka lez, gu geu gizarte anitz eta aberats bilakatuko gaituen aukera gisa.

Bien bitartean, proba praktiko bat proposatuko dizuet: ea zeinek topatu azkarren gure artean bizi diren Malaysia, Oman, Yemen, Myanmar, Jamaika, Laos, Haiti edo Palestinako hamaika lagun berriak. Herrialde horiek Gasteizen dituzten ordezkari bakar eta bereziak. Ea nork ezagutu lehenago beren istorio harrigarriak.

Hamaika lagun eta hamabi istorio. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago