Periferiak

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Lazkano 2017ko abe. 11a, 12:58

"2018ak aktibazio eta elkarlan urtea izan nahi du, Euskaraldiaaitzakia galanta ipiniko digu. Ikas dezagun periferietatik".

Aitormena egingo dizuet: gustuko ditut periferiak, zentrotik urrunduta dautzan inguru-minguruak. Boterezaleek zentroa bilatzen duten bitartean, status quo-ak eraldatu nahi dituztenek, iraultzaileek esan nahi baita, periferietara jotzen dute, eta bertatik egiten dute eraso. Batzuetan bortizki, amorruak akuilatuta; bestetan bare, baina irmo.

Periferietatik datoz proposamen eraldatzaileenak zentrora, eta erreakzio atomikoetan lez, neutroiek nukleoa erasotu eta eztandarazi egiten dute. Auzo periferiak, sexu periferiak, periferia politikoak, kulturalak, linguistikoak…

Ezin espero proposamen askatzailerik botereak harreman sare potolo eta sendoak eraikiak dituen erdigune eta erabakiguneetan. Periferiako indio barreiatuek egingo dute bere aldaketa gogoa, eta jarriko dute martxan imajinazioa eta lanerako grina.

Hala gertatzen ari da azken urteotan hainbat esparru ezberdinetan, eta nago Arabako euskalgintzan ere jazotzen ari dela horrelakorik:

Miresmenak janda begiratzen diot Aiaraldeari eta bertako Euskalgintzaren Kontseiluari: opari bat dute guretzat.

Inbidiak jota dakusat Lautadako Euskararen Komunitatea eratu berriak botatako erronka: erroa, herri gogoa.

Eta Gorbeialdeko euskaltzaleen jardunak txunditzen nau: zerk mugitzen ditu?

2018ak aktibazio eta elkarlan urtea izan nahi du, Euskaraldiak aitzakia galanta ipiniko digu. Ikas dezagun periferietatik eta izan 42 edo 75 ordu, ala 30 egun baina zentroko, Gasteiz hiriburuko, euskaltzaleok hel diezaiogun gure erronkari, antola gaitezen eta jar ditzagun ahoak bizi-bizi eta belarriak prest.

Hala biz!

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago