Erabaki latza izan da iritzi artikulu honetako gaia aukeratzerako orduan Katalunia baztertzea. Bihotzak kontrakoa eskatzen zidan, baina, pentsatu dut azken asteko enpatxua areagotu baino, hobe zela mendebaldera begiratu eta berbetarako aitzakia aldatzea; mendebaldera jotzea, eta sugarren keak lainopean dituzten bi herrialdeei jaramon egitea, hots, Portugal eta Galiza aldera begirada zabaltzea.
Azken egunetan piztu, eta oraindik bizirik dirauten suteek berrogeita hamar bat lagunen bizitzak eraman dituzte dagoeneko; baina, eztabaida politikoko hautsak oraindik lasai darraite, astintzeke. Interes larregi ote?
Esaera zaharrak dioenez soilik umeek eta mozkorrek esaten dute egia, eta horrela sumatu nuen pasa den astean, jakin nuenean Portugalgo ume talde batek salaketa jarri diola Europako Batasunari euren etorkizuna jokoan jartzeagatik, beren etorkizuneko ingurumen eta garapen eskubideak ez bermatzeagatik; hau da, gaur egun onartutako politika eta erabakiekin herrialdeen ingurugiro oreka eta babesa apurtu eta suntsitzeagatik. Edo gordinago esanda, gaurko suteak medio, oinordetzan errauts-herria baino ez uztegatik.
Ausartak ume lusitaniarrak, ezta? Ea salaketak aurrera egiten duen, eta beste horrenbeste aurkezten diren inoiz izan den belaunaldi segida berekoienaren aurka. Gure aurka, alegia.
Etorkizuna zor diegu gure ondorengoei… hango basoetan, hemengo plazetan eta Kataluniako askatasun kaleetan.
Endavant!