Goenkale

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Lazkano 2017ko ira. 7a, 12:44

"Eta Barrenkalea izanik, nola ez izan gorago Artekale eta Goenkale?".

Euskal Telebistan inoiz izan den telesailik luzeenaz, gogoratzen? 

Goenkale izena ipini zioten edozein herritako goiko kalean jazotako gertakariak kontatu nahi zirelako bertan. Baina, ez da nire asmoa telesailari buruz hitz egitea; aitzitik, Gasteizko Goenkalez hitz egitera natorkizue.

Goenkale, Artekale (Erdiko-kale) eta Barrenkale; horrela izendatu izan dira Euskal Herriko hainbat herritako hiru kale nagusiak: Bilbon, Durangon, Artziniegan, Urduñan, Markinan, Ermuan, Arrasaten… Aldaera bitxiak ere badira tartean, Markinako Guen-kalea eta Legutioko Goikuri kalea bezalakoak, adibidez. 

Gasteizko Alde Zaharreko kale izendegian arrasto euskaldun gutxi iritsi dira gaurdaino, baina bada bat ozen adierazten diguna garai bateko gure hirikideek, kale batzuk behinik behin, euskaraz deskribatu zituztela: Barrenkale (erdaraz Barrancal bilakatu dena).

Eta Barrenkalea izanik (beheko kalea), nola ez izan gorago Artekale eta Goenkale? Zalantza hori buruan nuela, Ismael Garcia historialariak eman zidan erantzuna bere tesian: "Puebla Somera" eta "Puebla de medio" agertzen dira aspaldiko dokumentuetan egungo Aiztogile eta Pintore kaleak izendatzeko. Beraz, eta kontuan izanik "Somera"-k goiko esan nahi duela, hor izango genituzke Gasteizko Goenkale eta Artekaleak.

Izan ere, Gasteizen ere, barren kaletik goiko kalera joateko, arte kalean barna igaro beharko ziren orduko euskaldunak, ezta?

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago