Badirudi pasa den asteko euriek apurtxo bat arindu dutela ur eskasia lautadako baso, lur eta soroetan; baina, hala ere, nabarmena da euri falta, eta eguzkitsu baino bero(egi) izan da apirila, eta dago maiatza.
Aitzitik, Gasteiz zeharkatzen duten erreken ur emaria ez dator lehor: Abendaino, Zapardiel, Santo Tomas, Batan eta Errekatxiki errekek badakarte eta badaroate ura erruz, borborka. Horiekin batera, garai batean sikatu ei zena ere, erreka lehorra, tupustean emankor dator mendietatik behera, izen bereko auzoa zeharkatuz, Gasteiz erdigunera.
Erreka lehorra emaritsu dator bai urez bai ideiez, eta gure agintariak itsu eta entzungor. Estatu osoko auzo okupaturik handiena antza; baina nik esango nuke Euskal Herriko esperientzia, proiektu edo proposamen eraikitzaile, jasangarri eta eraldatzaileena bilakatu dela Errekaleor.
Txostenak eta planak oso ondo daude udal gobernu batek gazteenganako politikak egin nahi dituenean, beharrezkoak ziurrenik; baina gazteen jardunak ezkerretik ziztu bizian aurreratzen zaituenean bi aukera dituzu: beren martxara egokitu eta bidea elkarrekin saiatu egiten, ala zangotrabatzen ahalegindu. Badirudi, tamalez, Gasteizko Udalak bigarrenaren alde egin, eta baloreei baino, jabegoari jaramon eginda, auzoa suntsitzeko asmoa duela.
Gasteiz solidario, abegikor, jasangarri, euskaldun, ekologiko, adeitsu eta berdinzale baten aldeko apustua egin nahi badugu, halako esperientziak eta proiektuak guztiz beharrezko ditugu.
Errekaleor ez dago lehor.