Martxoaren zortzia hurbildu ahala piztu eta puzten zaizkigu sarritan gizonezko askori berdintasunerako grinak. Baina egun hori urrundu ahala, berdintasunerako ekintza plan pertsonalak, urte hasierako asmo onak legez, indarge eta betetzeke geratzen dira, oro har.
Denok dakigu benetako berdintasuna soilik botere harremanen oreka erdiesten denean hasiko dela, eta horretarako gizonezkook pribilegiozko hainbat statusi uko egin beharko diogula: familia, lagun eta bikote harremanetan bezainbat talde, lanpostu eta arduretan.
Baina ez gaitezen engaina, aldaketa motela izango da, tairik gabe egin beharrekoa baina bidezidorrik onartu ez, eta arbuiatzen denaren isla izan gabe. Ezin iraultza egin irauli nahi denaren borroka moldez.
Martxoaren zortzia hurbildu ahala urtero izaten da salaketa ekimen berririk, eta tamalez, berriro ere, biolentzia matxistak hildako emakumeak gogoan izan dituzten protestaldiak izan dira ugarienak. Bi izan dira esanguratsuenak: lehena, lan-uzteetara deitu dutenak, noizko greba orokor bat martxoaren 8an?; bigarrena, Madrilgo Sol plazan eginiko gose greba, harritzekoa izan duen oihartzun mediatiko apala!
Eta martxoaren 8a urruntzearekin batera, kimu-feminista deitu ahal diogun gertakariak aho bete hortz utzi nau: Osasuna futbol taldeko jokalariek Eibarkoen aurka jokatu partidan euren elastiko gorrietan aurretik borroka feministaren ikurra eta atzean amaren abizena eraman izana.
Pankarta gogaikarri batek utzitako kiratsa lurrindu nahia ala bortizkeria matxistaz nazkatuta dauden seinale?