Esaten dute Francok dirutza egin zuela estraperloan. Antza denez, bere buruari ipinitako hilabetereko soldata nahikoa ez eta horrelakoetan ibili beharra omen zuen diktadoreak. Oinarrizko soldatari medaila ezberdinen meritu ekonomikoak batzen zizkion Caudilloak, ejertzito guztien jeneralak, behin eta berriro eta hala ere, ezin iritsi hilabete bukaerara (azken astean Esperanza Agirrek ere gogorarazi digu zein zaila den bere soldatarekin hilabeteko gastuei aurre egitea…).
Besteentzat ziren debekuak eta legeak, bere diktadura gogorrean legez kanpo zebiltzanentzat, demokraziazaleentzat… Francisco aldiz lasai aritzen zen, oro-legegile izanik, idatzitakoa legea urratuz gero, hanka sartze txikiak lez zigorrik gabe geratzen ziren. Ez ziren Francoren delituak, Pakoren deskuidoak baizik: terreno batzuen salerosketak, urtegi baten eraikuntzan aurrekontu gorabeherak, oparitxo batzuen fakturak, emaztearen lepokoak…
Urteen poderioz, berriz, eta debekuaren debekuaz, bere jarduna ere legez kanpo geratu zen herritar gehienen begietan, nahiz munduaren aurrean. Nahiz eta, beti bezala, horrela ikusi nahi ez zuenik, betaurreko beltzak ipini zituenik izan zen.
Hauts haietatik lokatz hauek eta Vascongadetan badugu Erregeren ordezkari eta Patxi zaharraren dizipulo iaioa den funtzionario debekuzalerik. Lanordu eta asteko egun guztietan zintzo-demonio aritzen dena euskal kutsua duen edozer legearen estarta estuenetan sarrarazten eta beti, legea ahoan, besteen ohiko jardunak legez kanpo uzten. Bera da konstituzioaren zaintzaile amorratuena eta lege bidegabeen suspertzaile sutsua.
Baina oraingoan Patxi zaharrari bezala gertatu zaio, eta bere tranpan erori da: oilategian sartu da azeria, joan da oiloa lapurtzera eta zepoan harrapatu du hanka.
Ay Urkixo, sendabide eskasa zure hanka-sartzeak!