Atenaseko heroiak

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Lazkano 2016ko api. 26a, 09:00

"Gerraren iheslariak zirelakoan Foronda aireportura hurbildu nintzen"

 

Azken orduetan entzundakoa egia bada, zorionekoa neu, tradizioari kasu egin behar bazaio, patu hobeko geu, eta pregoilarien hitzak jaia blaitzeko badira, zorte ederreko haiek.

"…edozein egin daiteke Arabako, edonongo. Denok gara leku guztiko eta talde bezala antolatzeko gaitasuna dugu une oro..". "…Berdin dio nondik etorria, nongo izan…", Juan Ignacio Lasagabasterrek dixit. Espero dut berak, eta guk geuk ere, gure arabartasuna eraiki dugun moduan, besteei, kolore ezberdinekoei, pateran iritsitakoei eta mugetan zain ditugunei ere gisa berean arabar "egiten" uztea.

Guretzat balio izan badu, zergatik ez bestearentzat?

San Prudentzio bera ere bueltaka ibili zen hara eta hona; ihesi batzuetan, errezatzeko leku berrien bila sarri; eta azkenean bere herrialdeko, Arabako, patroi nagusi izendatu zuten gure arbasoek.

Atenaseko heroiak gerrei iskin egiten dabiltzan iheslariak zirelakoan Forondako aireportura hurbildu nintzen Ongi Etorri beroa egitera. Baina zoritxarrekoa neu, ez elkartasun oihurik ez iheslaririk; soilik mutil kankailu kuadrilla eta saski-baloi zaleen garrasi ozenak.

Ate joka ditugu iheslariak, ez dezagun beste alde batera begira; gonbida ditzagun mahaira, eta eskain diezaizkiegun barraskiloak eta perretxikoak.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago