Egunak zeramatzan herriak aztoratuta. Normalean baino polizia eta guardia zibil gehiago ikusten ziren letxera grisetan Eibarko kaleetan barrena. Ni, mutil koskorra artean, artega, arratsalderako deitua zegoen entzerronara joateko irrikan. Arrebak elizara ez joateko esan zidan, baina ezin esaneko izan.
Zurru-murru ugari, jakina zen zenbait hildako bazirela. Franco hil berritan bere jarraitzaileek eta ohiko funtzionarioek betikoari eusten zioten: tiroei, torturei eta errepresio bortitzari.
Gu, ume mokoak oraindik, ezin jabetu egoeraren larriaz baina "Poliziak bost langile hil ditu" ulertzeko kapaz ginen. Gure etxe azpian eskopetaren kulataz lagun hurkoari burua apurtu zion uniformedunaren kideek gure herritik nahiko gertu, Bitorixa izeneko hiri batean, bost lagun hil zituztela ulertzeko gai ginen.
Ez zen lehen aldia manifestazio batean parte hartzen genuena baina elizara asanbladan sartzea berria zen. Tentsioa murtzikatzeko modukoa zen, hildakoen aldeko kanpaikadak entzuten ziren ozen, eta apurka-apurka eliza bete egin zen.
Duela 40 urte gertatu zen, martxoak 3 zituen, 1976. urtea zen eta elizara sartu aurretik denok busti genituen gure mukizapiak, eta ondoren, sudurrak eta ahoak estali genituen ke poteen eraginaren beldur.
Elizan iraun beharra zegoen, ezin ginen bertatik irten, kanpoan, Gasteizen bezala, polizien balak zain eduki genitzakeen eta.