Ekinez egina

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Lazkano 2015ko mai. 22a, 02:00

Iñaki Lazkano

 

Aurtengo Korrikak arrasto sakona utzi dit nire barrunbe eta burmuin ahulduan erabili duen leloagatik eta lekukoak zeraman mezuagatik: euskahaldundu gaitezen; egiten duguna gara, izatea egitea da; eta oraindik Lorea Agirreren mezua guztiz digeritu ez dudanean, albotik, beste ahots batek, ozen, honakoa diost: Ekin diezaiogun, kontua ekitea da. Lucio Urtubia da, anarkista zaharra, Citibank guztiz ahalduna makurrarazi zuena.

 

Lorea eta Lucio, garai eta jardunbide politiko ezberdineko bi ekintzaile sutsu pentsamolde bertsuaren inguruan hausnarketan. Baimena eskatuko diet biei euren hausnarketa gure herrira, Gasteizera, ekartzeko.

 

Eta egiteko hautatu egin behar da, lekua hartu, plazan sartu; eta horrela egin zuten pasa den igandean mila bat gaztek Gasteizko plaza nagusian. Lekua hartu zuten eta kolorez jantzi zuten goibeldutako plaza grisa, elkartasun insumisoz, desobeditzailez, mozorrotu zituzten monumentuko soldadu harrituak...

 

Okerrenerako prestatu ziren, eta tamalez bihotzeko minak jota eduki gintuen hurrengo eguneko Andra Mari Zuriaren plazaren hustuketa basatiak.

 

Eta zutik jarri, eta eskua altxa eta hitza hartu, eta sei urteko espetxe zigorra ezarri zieten zazpi euskal gazteri kartelak ipini, pegatak itsatsi, jardunaldiak prestatu eta ekitaldiak antolatzeagatik.

 

Kontua ez da izan ala ez izan, kontua ekitea da, bidegabekerien aurrean plazak betetzea, kalera irtetzea eta hitza hartzea. Biltzea, antolatzea eta elkartasuna hitzak alderdi politiko abertzale baten izenaren zati bat baino zentzu sakonagoa duela aldarrikatzea.

 

Euskadi ekinez egina-Hechos para Euskadi zioskun EAJ-PNVk pare paretik, egoitza nagusiko hormetan itsastutako binilo modernoen euskarrietatik. Eta hurrengo goizean, Ertzaintzak zintzo-demonio bete zuten hitza eta ekintza; jazarpen politikoa eta errepresio zentzugabea.

 

Igandean ere ekitea da kontua, norberak egingo du hautua, hartuko du botua.

 

Bazterretik erdira etorri eta plaza hartu, kalera hurbildu eta bozkak batu.

 

Arrasto sakona uzten digute zenbait gauzek eta hainbat hitzek. Aitzitik, eskularru beltz lodiek gazte bat sudurretatik arrastaka eramaten ikusteak arrasto baino orbain gordina uzten dute: bihotzeko mina, giza mina.

Egiten duguna gara, ekitea da gakoa;  baita igande honetan ere.

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago