Ttipi-ttapa euskahalduntzen

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Lazkano 2015ko mar. 25a, 01:00

Iñaki Lazkano

Korrika badator! Hemen da, ate joka, kale eta jende gose. Zientoka eta milaka kilometro egin ondoren iristear dugu Gasteizera. Eta gasteiztarrok pozik, artega, itxaropentsu eta tximeletak sabelean noiz helduko zain.

 

Hori da Korrikaren eragina, sentsazio baikor eta atseginen batuketa. Ekimen berezi,alai, baikor, erakargarri, parte-hartzaile eta herrikoi baten adibiderik garbiena.

 

Euskahaldundu gaitezen dioskue Korrikaren antolatzaileek eta guk lekukoa hartuko diegu.


 

Gasteizko euskaltzaleok, berriro ere, bi urtero lez, hiriko kaleak bor-bor ipiniko ditugu kilometroz kilometro Korrikari harrera beroa egiteko.

 

Ahal eta nahi, hor dago gakoa. Sinistuta gaude bihar, larunbata, Korrikari ongi etorria ematera irtengo garenok egunerokoan euskararen erabileran pausu bat aurrera egiten badugu, etorkizun oparoa izango dugula Gasteizen euskaraz bizi nahi dugun euskaltzaleok.

 

Tsunami ezberdinak iragartzen dituzte eguraldi eta politika esatariek, ikusteke. Baina guk abian dugu gurea, antxintxika dator, errepide eta bide bazterrak jendez betez, eta Korrika du izena.

 

Laga dezala gure hirian arrasto sakon eta luzea.

 

Egin diezaiogun harrera beroa euskararen maratoiari!

 

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago