Baga, biga....500.000!

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Lazkano 2015ko mar. 16a, 01:00

Iñaki Lazkano

 

Modako zenbakia zalantzarik barik 500.000.

Duela egun batzuk entzun nuen albistea, antza denez uste zena baino 500.000 urte zaharragoa da gizakia, edo hobeto esanda, “homo” adarreko lehen animalia. Etiopian izan da aurkikuntza eta 2,8 milioi zahar den matrail hezur baten fosilak eman die argibidea. Bost hagin horren lekuko.

Fosil honek Australopithecus afarensis-ren ezaugarri batzuk gordetzen omen ditu, baina baita  lehen hominidoaren zantzuak ere.

 

500.000 urte zaharrago omen, baina Darwin-en eboluzio teoriak zentzu osoa galdu ote du?

 

Gure ingurura begiratzea besterik ez dago. Atzeraka goaz bai gizatasunean, bai ingurumena zaintzeari dagokionez, eta baita adimen kontuetan ere. Gero eta adimen artifizial gehiago, orduan eta gizatasun gutxiago.

 

Fusilamendu pelotoiak prest dira Estatu Batuetako kartzeletan heriotz zigorrera kondenatuak tirokatzeko asmotan eta  Historia zero urtean jarri nahi duenik ere bada Siria aldean.

 

500.000 nioen, eta numeroek sarri diruarekin edukitzen dutenez harremana 500.000 urte horiek euro bilakatu dira iruzurgile eta lapurren eskuetan, eta ondorioz, fidantza fiskal eskakizun  behin lapurreta edo erabilera okerra azaleratu denean.

Batetik, Osasuna futbol taldea, Archanco presidente ohia eta UPNren gobernua. Bi milioi eurotik gora desagertuak, futbol partidu erosiak, jokalari ohiak ere epaitegietan deklaratzen...txolopote ederra!

 

Bestetik, Gasteizko udala, San Antonio kaleko lokalak, Alfonso Alonso Espainiako Osasun ministroa, Gonzalo Anton enpresaburua eta gure alkate txit garbia, Javier Maroto. Fiskalak kasu honetan ere 500.000 euroko fidantza ezarri die ustezko iruzurgileei.

 

Eta beraiek kartera zabaldu eta hurrengo egunean ordaintzen dituzte epaileak eskatutako 500.000 euroko fidantzak, langile arrunt batek bere 25 urte baino gehiagoko soldatak beharko lituzkeenean horrelako dirutza bildu ahal izateko.

Kutxabank, De Miguel, Bidegi, Hiriko, Osasuna, Gurtel, Palma Arena, Andaluziako EREak...kasu ugari epaitegietako aretoetan eta denek estamentu  zaharra ukitzen. Garatu gabeko demokrazia inperfektu baten lekuko. Partidu zaharkitu eta usteldu batzuen ohiko praktiken ondorio.

 

Garai berriak behar ditugu zalantzarik gabe, aire garbiak, leihoak zabaldu eta bentiladoreak martxan jarri. Baina ez kaka zabaltzeko, orain arteko agintariak euren eserlekuetatik aldentzeko baizik.

Homo sapiens ei gara.

500.000 urte zaharragoak-

Baina, barkatuko didazue, homo lapur egokiago?

 

 

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago