Idatzi gabeko legeak

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Lazkano 2015ko ots. 13a, 01:00

Jakin berri dugu, pasa den asteburuan ez zegoen beste hizketa gairik, gurean ere idatzi gabeko legeak daude, omertá eta aita ponteko beldurgarriak. Beraz, mafia, negozio ezkutuak, mesede politikoak eta eskupeko galantak. Kutxabank-eko presidente ohiak, Mario Fernandezek esana: “Ohikoa zen, eta azken 30 urteotan gobernu guztiek errespetatzen zuten estatu politika gisa, borroka antiterroristari lotutako pertsonei lan irteera bat ematea”.

 

Normala zen, ohikoa, denekonartua gure diruaz hilean 6000 euroko soldatak ordaintzea lehendik ere poltsikoak ederto beteta zituztenei. Normalak ate birakariak, normala mesede politikoak soldata oparoz ordaintzea. Normala borroka antiterroristako diru zikinak zertan erabili ziren diru garbi baina ezkutukoez ezkutatzea.

 

PNV, PSE eta PP horretan ibili dira azken 30 urteotan, elkarri mesedeak egin eta egin. Telefonoa hartu eta hurrengo egunean aukeratutako gudari antiterroristei hilero hilero dirutzak euren kontuetan sartzen. Orain elkarri mokoka hasi dira, itxurakeriatan. Bodebil zantarra dirudi antzezlanak.

 

Eta nik neure buruari galdetzen diot: zergatik egin zuen ospa atzeko atetik enpresa pribatura Antonio Basagoitik? “Argi ikusi nuen bidezkoa zela laguntzea”, zioskun Mario Fernandezek Mikel Cabiecesi buruz ari zela. Eta hurrengo minutuan nire atariko langabetuaren etxe desjabetzea agindu zuen.

 

 

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago