Egun batean poz pozik ailegatu zen gure aita etxera, -txikitoek ere lagunduko zioten-, eta zergatia galdetuta zera ihardetsi: kuadrilakoei sekulako adar jotzea egin ziela, eta aho bete hortz utzi zituela etxerako bidea hartzen zuen bitartean…
Honela galdetu zigun anaia eta bioi bapatean:
-Zuek badakizue nor zen Einstein?
Eta gu ume mokoak artean…
-Zientifiko bat!
Eta aitak berriro:
-Zergatik egin zen famatu?
Eta anaia nagusiak sutsuki…
-Erlatibitatearen teoriagatik!
Aitak aurpegi maltzurra ipiniz…
-Eta zer dio teoriak horrek?
Anaia oso argia eta ikasle hobea zenez…
-E=mc2!
Aitak ez zuen harridura keinu txikienik ere egin anaiaren jakinduria adierazpenen aurrean, eta berearekin jarraitu zuen serio-serio…
-Eta zer esan nahi du formula horrek?
Ez erantzun, nik azalduko dizuet eta.
Formula horrek esan nahi du espazioa eta denbora gauza bera direla!
-Ah, ah,ah….Eta?
Gure aitak ipini zuen garaipen aurpegi alaia, irribarretsua eta maltzurra ez dut sekula ahaztuko…
-Bada, hori…Einstein euskaldunok aspaldi genekien gauza bati buruz ari zela: espazioa eta denbora gauza bera? Jakina! Euskarak berak azaltzen digu hori garbiro…hizkuntzak berak ematen dizkigu ondorio horrek ateratzeko pistak..
-Ehhhh??
Eta bere buruari galde-erantzunak egiten hasi zen
-Entzuten duzuen bezala….Zein da denbora atzizkia euskaraz?
–N: goizeaN, abenduaren zazpiaN, biharamuneaN…
-Eta, lekuzkoa?
-Horixe bera….-N!: mendiaN, etxeaN, laneaN…
-Bada, garbi dago, ezta? Einstein baino dexente lehenago euskaldunok garbi geneukan kontzeptu hori!! Espazioa eta denbora gauza bera dira!
-Ahhh….geu ere zur eta lur. Pentsakor, harro!
Zein azkarrak garen euskaldunok! Edo ziren behintzat, gure arbasoak, baratza zaintzen zuten asabak…
Eta kirol horrek, adarjotze orokortuarenak, afiziñoa sortzen du, zaletasuna landu, gaur egun esango genukeen bezala, txikiteorako “fidelizaziñua” ziurtatu.
Gainera, nahiko deportiboa zenez, joko zikin gutxikoa, eta aurkaria errespetatzearen aldekoa, bada, arrakastatsua zen kuadrilla gehienetan. Eta berba egitea, eta elkarrekin denbora gustura pasatzea zenez helburua, bada, emaitza borobila.
Bihar, abenduak 18, helburu berberaz elkartuko gara lagun batek “Denbora urre bilakatu, denboraren erabilerak kapitalismoan” liburua aurkeztuko baitu Ignacio Aldecoa Kultur Etxean., ostegun honetan, 19.30ean.
Denborak eta espazioak bat egingo dute aurkezpen horretan, eta ziur nago beste dimentsio baterako atea zabalduko dutela liburua aurkeztuko dutenek, denbora gure arduretatik eta beharretatik aldendu, eta gure nahi eta gozamenetara hurbiltzearena.
Bizkorregi bizi gara, aintxitxiketan, arnasestuka…kalitatezko denboraz gozatu gabe, astirik barik…mekanizatuta, digitalizatuta.
Ea nire lagun analogikoak bere liburuan ulermenerako gako batzuk ematen dizkigun, behinik behin!
ALEA jacta est, baina lasai, mesedez!
Egilea: Iñaki Lazkano Lizundia -Zientzilari amateurra-