iritzia

Mitoaroan bizi gara

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Lasa Nuin 2025eko azaroaren 18a

Argazkia: ROSALIA/ LUX

"Bai, gaur ere mitoaroan bizi gara. Gizateria laino artean gehiago bizi da lurrean bertan baino"

Gaur, bai, gaur ere mitoaroan bizi gara. Mitoa aipatzean historian beti atzera begiratzen dugu. Badirudi mitoak duela 3.500 edo 600 urte asmatutakoak bakarrik direla. Egunero mito berriak sortzen ari gara; ez dakit Pello Reparazek badakien mito bat sortzen ari denik. Eta Rosaliak?

Ez dakit —jakintsuek diotenez, oso zaila da datatzea— homo sapiensari noiz sortu zitzaion esna amets egiteko ahalmen hori, fantasia eta sinboloen munduan kulunkatzeko ahalmena, alegia. Batzuek diotenez, duela 70.000 eta 100.000 urte tarte horretan lortutako adimenaren eragiketa izugarri bat omen da. Ikusi eta gertutik bizi izandako elementuen irudikatzetik haratago doan irudimenaren eta asmakizunaren eraikuntza, hots, haitz zuloetako margoen errepresentazioetatik harago. Mundu berri bat sortzea. Ordura arte gizakia oinak lurrean zituela bizi zen; beste era batetara esanda: errealitatea zanpatzen.

Gizakiaren biziraupen ahaleginetan eta horretan dabilenaren beldurrak uxatzeko burua erabili behar izaten da —gaur egun ere bai, noski— eta eguneroko jarduera horretan, ez dago dudarik, adimenaren erabilera garrantzitsua dela. Bi urteko ume txiki bati bezala, "zergatik?" eta "zertarako?" galderak ez zitzaizkion faltako antzinako gizakiari. Galdera asko eta jakinduria txikia. Baina, galdera guztiei erantzunak asmatzen hasi zenean, orduantxe lasaitzen hasi zen, nahiz eta asmatutakoak izan. Uste dut jakin-mina eta mitoa batera sortu zirela.

Ez da inor salbatzen, denok harrapatzen gaitu honetan edo hartan: erlijioa, politika, ekonomia...

Herrialde eta kultura guztietan eman dira mitoak eta, sortu ere, era guztietako mitoak. Mitorik gehienak ulertu ezin zuten errealitateari erantzunak emateko asmatuak ziren, garaian garaikoak eta lekuan lekukoak. Baina asmatu jakin-minak eskatzen zuen koherentzia eta jakinduria guztia erabiliz. Mitoa behar larri baten ondorioa zen, nahiz eta guri, orain, umekeriak iruditu. Mitoek behar sakon dat asetzen zuten, gehienetan behar ontologikoa.

Gizakiak ez dio mitifikatzeari utzi. Sinboloen mundura sartu zenetik gustura sentitzen da bertan eta fantasiaren distirak edozer gauza sinbolo edo ikur bihurtzen du. Gainera, amets horiek oso kutsakorrak gertatzen dira ingurukoengan eta oso erraz zabaltzen dira ametsetako proiektuak, mitoak. Mitoek giza-multzo handiak mugitzen dituzte gehienetan: erlijioak edo futbola adibide garbiak dira.

Ez dago betirako diren mitorik. Mito batzuk sortu bezalaxe, denbora motzean edo luzean, desagertu egiten dira. Badira iraupen luzeko mitoak: mendez mende eta milaka urtetan argiztatu duten mitoak ere, baina, azkenean, itzaltzen joaten dira, iluna zena zientziak eta jakinduria berriek argi indartsuagoz egiaztatzen dutelako. Hiru erlijio monoteista handien mitoak duela 3000 urte edo zaharragoak diren asmakizunak dira eta hainbeste denboran gizateriaren multzo handi baten sinespen-iturri izan ondoren, badirudi, agortzen eta itzaltzen hasi direla mito horiek. Mitoek, mitoak direnez, etorkizunik ez dute.

Bai, gaur ere mitoaroan bizi gara. Gizateria laino artean gehiago bizi da lurrean bertan baino. Gizaterian talde handiak sortuaz, artaldeak bagina bezala, gizakiok mitoen atzetik mugitzen gara. XXI. mende laurdenean ere mito bihurtu ditugun zenbait errealitatek jendetza izugarriak mugitzen ditu. Ez da inor salbatzen, denok harrapatzen gaitu honetan edo hartan: erlijioa, politika, ekonomia, futbola, turismoa, moda kontua, kontzertuak, autoen mundua… ez dago mitoak ukitzen ez duen giza jarduerarik, gizakiak dena mitifikatzeko joera baitu.

Mitoa behar larri baten ondorioa zen, nahiz eta guri, orain, umekeriak iruditu

Ez badiogu egoerari erreparatzen, ustekabean sartzen gara mitoen mundu horretan. Amets egitea libre denez, eta geure burua behatu ezean, oso erraz sortzen ditugu mito txikiak.

Goian aipatu ditugun gaur eguneko gizarte mailako mito horietatik bat hartuko dugu adibide bezala, berrienetakoa. Besteak: erlijioa, politika, futbola… mitifikatuak daudela esatea ez da astakeri bat eta edonork aztertu dezake zein den gizartearen jokabidea errealitate hauen aurrean. Aztertu dezagun turismoa edo bidaiatzea. Hau azken hamarkadetako mitoa baita. Betidanik izan du gizakiak hor bestaldean zer dagoen ezagutzeko jakin-mina. Beraz, hasiera-hasieratik mugitu izan da gizakia leku batetik bestera, nomada izan baitzen milaka urtetan, baina ez turismoa egiteko bizirauteko baizik. Garai hauetan bidaiatzea, turismoa egitea, kontsumoaren beste atal bat gehiago da, mito bat. Kultura idealizatu eta gizarte globalizatu batean norbere desioen bila doan fantasiazko ibilera eta hainbat jende kutsatu duena. Horren seinale, uda-partean gure hiriburuetan gertatzen ari dena da.

Iñaki Lasa Nuin.

 

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

 

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago