IRITZIA

Udazkenak ez du udaberriaren inbidiarik

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Lasa Nuin 2024ko ira. 23a, 13:46

Udazkena. Argazkia: Pixabay

Ez izan adinari beldurrik, horretarako alde egin beharrean, -eta ez daukazu ihesbiderik- sartu bertan, onartu eta goxatu udazkena.

Galdetuko bagenu Vivaldiren "lau urtaroak" deituriko lau kontzertuetatik zein gustatzen zaien gehien, erantzunak parekotasunean emango lituzkete erdiek udaberria eta beste erdiek udazkena. Hala ere balantza udaberriaren aldera okertuko litzateke, behar bada, gehien entzundakoa delako.

Bai, udaberria negu ilun eta hotzetik gertuago dago – badirudi, Vivaldiren musika bezala, gehiagotan entzun dugula-  eta eguzki berriaren berotasuna eta argitasuna nork ez du nahi goxatu. Gainera lozorroan zegoen natura ere hasi da esnatzen eta arnas berri baten giroa sentitzen da. Beroak eta hezetasunak askotan ito egiten gaitu, baina hau hobea da negu hotza baino. Mendi batetara igotzen hasten garenean irteten zaigun izerdi hotza bezalakoa da udaberria, baina gogoa gailurrera iristea da. Bide luzea geratzen zaigu oraindik gailurrera iristeko, udara luze bat eguzki errearen azpian, baina iritsiko gara.

Eta, zein ote da ba gailurra? Udazkena. Udaberrian sortu zen ernamuinak landare bihurtu behar du, loratu eta fruitua eman. Udazkena zain dago fruitua jasotzeko. Udaberria jaiotza da, udara ibilbidea, eta udazkena heldutasuna, fruitua. Noski daudela erlazionatuta udaberria eta udazkena, obra berdineko bi kontzertu desberdin dira. Ez dago udaberri gabeko udazkenik – udaberri exkaxeko udazken exkaxak asko-.

Gizakiok ere gure ibilbidean baditugu udaberria, udara eta udazkena – neguak bere xarma izan arren hilotzarekin gehiago lotzen dugu eta honetaz ere hitz egin beharko genuke- eta beti udazkenera iristen garenean gogoratzen gara horretaz. Baina, orduan ere, nahiago dugu gaztaroaz hitz egin zahartzaroaz baino.

Egia da, erretreta hartu eta adinez aurrera goazenok gaztetako kontuak ditugu beti hizpide. Berdin da adin berdinekoekin bagaude ere, normalean ez ditugu gure garaiko, adineko gorabeherak kontatzen, beti gaztarokoak ditugu gogoan. Eskolako kontuak, soldaduskakoak, halako festetakoak eta abar dira adinekoen hitz aspertuan dabiltzan gaiak. Gainera, esan beharrik ez dago, zenbat kontu errepikatzen diren tarte txikian. Behin adin batetik aurrera beti txiste berdinak kontatzen omen dira.

Tristea da beti atzera begira jardute hori. Iragana igaro zen eta noizbehinkako oroitzapen faltsuak –diot faltsuak, oroitzapenak inoiz ez omen dira eta errealak, justuak. Gure buruak manipulatzen ditu.- beharrezkoak badira ere jar gaitezen orainean eta bizitzako udazkeneko sentsazio eta bizipenen munduan murgildu, ederra baita heldutako fruituak biltzea. Beti gaztaroan bizi nahi hori ez ote da izango ez dugula gure adina onartu nahi?

Duela gutxi amets bat egin nuen. Kale batetan nengoela hor ikusten dut eskabadora handi bat kalean gora zetorrela lasai-lasai. Kale guztia hartzen zuen aurrean zeraman bere pala handiarekin. Kezkatzen hasi eta alboetara begira hasi nintzen, badaezpada alde egiteko lekurik ba ote nuen ikusteko. Berehala konturatu nintzen zirrikitu txiki bat ere ez nuela makina eta bere palatzar hartatik ihes egiteko eta atzera begiratu nuen ea ihesbiderik banuen topatzeko. Kalearen atzealdea pareta sendoko frontis garbi bat zen, ez zegoen zulorik. Eskabadora, hortzak lurrean arrastaka zituen pala handiarekin geroz eta gertuago ikusi nuen eta, larritasun hartan, jo batera eta bestera, ez nekien zer egin. Halako batean, zera bururatu zitzaidan: Pala barruan gordeko nauk eta ez niak paretaren kontra harrapatuko behintzat.  Eta horrela egin nuen, baina pala barrura sartzeko unean eskabadorak zuen idatzia ikusi ahal izan nuen letra handiz idatzita: ADINA.

Bizitzako udazkena aipatzen dugunean heldutasuna, fruituak biltzeko garaia adierazten dugu. Adinak dakarren udazkena koloretsua, sosegatua, barnekoia, pentsaketa eta gogoetarako garaia da. Ez izan adinari beldurrik, horretarako alde egin beharrean, –eta ez daukazu ihesbiderik- sartu bertan, onartu eta goxatu udazkena.

Iñaki Lasa Nuin.

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago