Iritzia

Futbola

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Lasa Nuin 2024ko api. 3a, 14:40

Argazkia: PIXABAY

Diktadura garaietan 'Futbola herriaren opioa' esaten genuen; herria politikarako eta gizarte arazoetarako lokartu egiten zuela, alegia. Eta, gaur?

Futbol-jolasa ingelesek asmatu zuten Football izenarekin. Diotenez, pilotarekin jolasa Grezia zaharrean azaldu omen zen lehenengo aldiz eta ondoren Txinan. Baina gaur ezagutzen dugun futbola XIX. mendeko bigarren zatian antolatu omen zuten bere arauekin. Lehen klubak ere garai honetan azaldu omen ziren. Jolas gehiago ere badira baloi edo pilota bat erabiltzen dutenak, noski, baina ez naiz hemen hasiko denak aipatzen.

Futbolean hamaika jokalariz osatutako taldeak dira beste hamaikaren aurka jokatzen dutenak, baloi bat izanik jolaserako duten jostailu bakarra. Jokatzeko, hankak eta gorputza erabili behar dira, baina eskuekin ezin ba baloia ukitu atezaina ez bazara. Garai hauetan ez naiz hasiko futbola zer den azaltzen, ezta? Aitona despistatuenak ere badaki futbola zer den.

Nork ez du inoiz futbolean jokatu? Neuk ere hamabi urtetatik hamazortzi urte arte jokatu nuen eta amorratua nintzen gainera horretan. Ezin uka jolas honek ere badituela bere onurak kirol bezala eta garapen pertsonal bezala ere bai. Behin, Xabier Azkargorta mediku, futbol jokalari eta entrenatzaile famatuari entzun nion 22 jokalarik parte hartze zuzena duten jolas gutxi daudela. Eta egia da hori. Nire irakaskuntzako garaietan askotan ikusi nuen neska-mutil mordoa baloi baten atzetik korrika atseden aldietan. Kirolaz aparte, jolas-talde bat osatzen dute eta euren arteko ulerpena, langintza eta kohesioa lantzen dira. Lehiakideekiko errespetua eta lehiaren kontrola ere lantzen dira dudarik gabe.

Dantza eskoletan bi mutil eta beste guztiak neskak, non daude ba mutilak? Denek futbolari izan nahi dute

Baina futbola beste zerbait gehiago ere bada. Dantza eskoletan bi mutil eta beste guztiak neskak, eskolaniatan bi mutil eta beste guztiak neskak, non daude ba mutilak? Astean bitan futbola entrenatzen eta larunbatetan partida jokatzen. Denek futbolari izan nahi dute. Gainera ikusi behar da gero gurasoek duten enpeinua afera horretan. Ikusi eta entzutekoa da semearen edo alabaren larunbateko futbol-partidan guraso askok duten jokaera: arbitroari irainik itsusienak, jokalariei errietarik gogorrenak –bere seme edo alabari ere berdin– eta deskuidatzen bazara, gurasoen artean ere liskarra.

Baina futbola gehiago ere bada: Mitoaren parte da. Berdin da Barsa, Real Madrid, Real Betis Balompie edo Bilbao Athletic izan, klub hauek denak mitoak dira eta mitoek bezala jokatzen dute euren ondorioekin. Futbol-kluba ere gizakiaren asmakizun bat da, alegiazko asmakizuna, ez da objektiboa. Penizilina ere asmatutakoa da, baina objektiboa, erreala. Zientziaren bidez lortutakoa. BMW, Mercedes, Ford auto markak ere gizakiaren irudimenak sortutakoak dira eta sortzetik mitoak. Marka edo ezaugarri batzuk besterik ez dira.

Duela astebete ikusi dugu Sevillan, Kordoban eta Espainiako beste hiriburu askotan jendeak nola negar egiten zuen, euria zela eta, Aste Santuko prozesioak bertan behera gelditu zirelako. Erlijio-mitoaren ondorioak. –Bilboko Nerbioi itsasadarrean, nahiz eta eguraldi txarra izan, prozesioa egin egingo da–.

Ikusi dugu Espainiako hiriburu askotan nola negar egiten zuten, euria zela eta, Aste Santuko prozesioak bertan behera gelditu zirelako. Nerbioi itsasadarrean, nahiz eta eguraldi txarra izan, prozesioa egin egingo da.

Irudimen subjektiboak direnean, esna egindako ametsak, kudeatzea zaila izaten da eta, askotan, ondorioak ere izaten ditu: frustrazioak, depresioak, etsipenak, eta abar. Askoren artean eraikitako irudimena denean, intersubjektiboa, eta gizarte multzo handi batetara hedatzen denean, ondorioak handiagoak dira oraindik. Horrela sortu dira erlijioak, inperioak, nazionalismoak, arrazakeriak, diktadurak, kapitalismoa, turismoa, kontsumoa eta abar luze bat. Inork ez daki futbol-klub hauetan zenbat diru mugitzen den, diru publikoa barne. –Orain inork ez dezala pentsa futbol talde bateko jarraitzaile sutsua izateagatik Hirugarren Mundu Gerra piztuko duenik–. Baina, hala ere, ziur nago, futbola dela-eta partiduetako joan-etorriak eta horrek sortzen dituen berezko gastuek famili askotan arazoak sortzen dituela.

Hau dena aztertzeko distantzia hartzea beharrezkoa da –besterik ez bada igo Artxandara- eta begiratu jendetza, behatu dena orokorrean eta atera ondorioak. Zer gertatzen da futbolarekin? Normala da ikusten eta entzuten ari garen guztia? Ze onura datorkio gizakiari guzti honetatik? Diktadura garaietan Futbola herriaren opioa esaten genuen; herria politikarako eta gizarte arazoetarako lokartu egiten zuela, alegia. Eta, gaur? Niri futbolean jokatzea gustatzen zitzaidan eta oraindik ere baloi batek erakarri egiten nau, iman batek bezalaxe, baina, egia esan, futbol mundua ez zait batere gustatzen.

Iñaki Lasa.

 

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago