Iritzia

Aste Santua eta bekatua

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Lasa Nuin 2023ko api. 6a, 06:30

Argazkia: PIXABAY

Ahaztu egin beharko genuke hitz hau: bekatua. Zenbat beldur, kezka, estutasun, egonezin eta antsietate eta kulpa bekatuak direla eta! Ongi eginak eta gaizki eginak; sariak eta zigorrak; zerua eta infernua; azkenean, guztien artean bekatua.

Aste Santua bekatua kentzen duena. Txiki-txikitatik bizi izan nuen Aste Santua, eta oraindik ere udaberri haietako zeru beltz trumoitsu haiek gogoratzen ditut, trumoiak eta tximistak zeruan eta trumoiak bezain burrundara mardulak pulpituan. Eta, zer? Bekatua gora eta bekatua behera sermolariaren hitz bortitzetan. Inork ez zuen lorik hartzen. Beldurra zen nagusi. Baina, baita ere, esan behar dut Aste Santuetako kanten doinuekin asko oroitzen naizela, ederrak ziren benetan: "Damu det Jauna…", adibidez.

"Bekatua gora eta bekatua behera sermolariaren hitz bortitzetan. Inork ez zuen lorik hartzen"

Izan ere, Aste Santuan Jesu Kristoren nekaldia eta piztuera ospatzen dira, eta Jesus gizakia bekatutik askatzera etorri omen zen mundura. Horrela diote ebanjelioek. Kontakizun honek baditu bere alde historikoak eta mitikoak, hauek fedeak bakarrik ulertu ditzakeenak.

Gaur egun, ikertzaile gehienek Nazareteko Jesus bat Palestinan bizi izan zela eta erromatarrek gurutzean hil zutela ontzat ematen dute. Baina historia horrek badu mitologiatik ere. Jainkoak bere seme bakarra, Maria birjinagandik sortua, gizakia bere bekatuetatik salbatzera bidalia izan zen, eta horretarako heriotza bortitza jasan behar izan zuen, hiru egunetara piztu zelarik. Inguruetako kulturetan ere antzeko kontakizun mitikoak badaude, eta ingurumari horretan kokatu beharko genuke. Jesus ez zuten hil gure bekatuak barkatzeko, baizik eta eraman zuen bizitza konprometitu eta kritikoarekin apaiz-agintariak urduri jarri zituelako, eta horiek, erromatarren laguntzaz, paretik kentzea erabaki zutelako. El Salvadorren hil zuten Ignacio Ellacuria euskal jesuita datorkit burura... besterik gabe.

"Jesus ez zuten hil gure bekatuak barkatzeko, baizik eta apaiz-agintariak urduri jarri zituelako"

Bekatuak aspaldiko kontuetara garamatza. Adan eta Eva, paradisuan bizi zirela, Jainkoak berak debekatutako fruitua jan zuten. Jainkoa beraren aurkako desobedientzia bat izan omen zen, eta hortxe egin omen zuten lehen bekatu mortala. Bekatu original mitikoa. Bekatu horrekin jaiotzen omen gara, eta duela 2023 urte Jesusek salbatu gintuelako, bataiatzea nahikoa omen da bekatu hori garbitzeko. Horregatik gu jaio ginenean hirugarren egunerako bataiatu gintuzten.

Bekatu mota asko daude elizaren aginduetan, baina guk bi ikasi genituen: mortala eta beniala. Masturbatzea bekatu mortala zen, eta ezin zenuen jaunartu. Amari sukaldeko armairutik txokolatea lapurtzea beniala zen, baina hau ere konfesatu beharrekoa.

Ez dago bekaturik. Esan badut, esan dut. Behin, lagun batek esan zidan: "Aita Sainduak ere esan omen zian infernurik ez dagoela, eta orain ez zegok mundu honetan bizitzerik". Baina norberaren kontzientziak jakingo du zer egiten duen ongi eta zer gaizki. Bekatuak kulpa sortzen du; batzuetan pertsona baten nortasuna, bizinahia eta sormena puskatzerainoko kulpa. Bekatuaren kontzeptua mendebaldeko erlijioek, batez ere erlijio katolikoak, erabili izan dute gehien, eta darabilte oraindik ere. Bekatuaren izenean badago ezkutuko nahi bat pertsonak eta bere ahalmenak menderatzekoa, erlijioa aitzakiatzat erabiliz.

"Bekatuaren izenean badago ezkutuko nahi bat pertsonak eta bere ahalmenak menderatzekoa, erlijioa aitzakiatzat erabiliz"

Bekatua Jainkoa nahigabetu izana bada, jakin beharko dugu zein Jainko den hori eta zer erlazio dugun berarekin. Jainkoa bada, guregandik urruti, zeruetan dagoena, orduan bera han dago eta ni hemen. Beraz, kreatzailea eta ahalguztiduna izanik, erraz nahigabetu dezaket Jainko hori. Hau ikuspegi dualista bat da.

Baina, alderantziz, Jainkoa "ni naizena" ere baldin bada, Jainkoak Jainkoa ezin dezake nahigabetu. Jainkoa den guztiaren esentzia bada, den guztia Jainkozkoa bada eta ni ere bai, zerbait nahigabegarria egiten badut, ez du nire barneko Niak egingo, nire ni mentalak baizik, egoak. Beraz, garen jainkotasunaren ezjakintasuna izango litzateke bekatua; horrek ezin du Jainkoa nahigabetu. Eboluzioak eman digun eta ni deitzen diogun adimeneko auto-kontzientzia horretaz aparte, pertsona guztiok daukagu gure barnean benetako izate bat. Ni mentalari deitzen diogu egoa, eta askotan, nartzisismoa ere bai

Orain, autoa gidatzean, zerbait gaizki egiten baduzu, zu zeu izango zara errudun, eta ez aipatu Ertzaintzaren aurrean bekatua egin duzula, barkamena eskatuz, horrek ez baitzaitu isunetik libratuko, elizan konfesatzean gertatzen den bezala. Baliteke errudun ere sentitzea.

Iñaki Lasa Nuin

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago