Iritzia

Gure aita eta semea

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Lasa Nuin 2022ko abe. 20a, 10:00

Argazkia: PIXABAY

"Historiak erakartasun handiko eta jarraipen ugariko gizaki ospetsu asko eman ditu, eta horien onomastikak ospatu ohi izan dira eta ospatzen dira. Zergatik ez Nazareteko Jesusena ere, neguko solstizioarekin batera ospatu?".

Zerbait irakurtzen ari nintzela, inguruan jolasean zebilen biloba Eñautek zera galdetu zidan bat-batean: "Zein da gizonik azkarrena?". "Gizakirik azkarrena? Baina azkarrena zertan, Eñaut?", galdetuz erantzun nion. "Buruz azkarrena nor den jakin nahi baduzu, orain nor den ez dakit. Baina ni txikia nintzela, Albert Einstein zientzialaria azkarrena zela esaten zuten. Korrikan azkarrena, berriz, Usain Bolt jamaikarra omen da, 100 metro lauak azkarren egiten dituena, 9 segundo eta 58 zentesimaletan".

"Gizakiak duen inteligentzia mugatua da. Baina unibertsoak (naturak) berak duen inteligentziaren parte da"

Ez dakit ase nituen Eñauten jakin-minak, baina bere jolasetara bueltatu zen eta niri, berriz, burmuinak esnatu zizkidan. Irakurtzeari utzi eta pentsatzeari eman nion. Gizakiak markatzen dituen orduko 44,72 kilometroak ere ez dituk ba abiadura handia! Gizakiarentzat handia izango duk, baina zenbat animalia, arrain eta hegaztik erraz gainditzen ditek abiadura hori! Bestalde, Einsteinen ekuazio batzuk ere jadanik zuzendu dizkiate, beraz, orain ez duk azkarrena.

Gizakia jarria dugu aspalditik puntaren puntan eta baita jainkotu ere. Egia esan, gizakiak, gizaki hutsa bezala, ez du jainko mailarik eta tailarik ematen! Gizakiak duen inteligentzia mugatua da. Baina unibertsoak (naturak) berak duen inteligentziaren parte da, kontzientzia kosmikoaren parte, eta hori mugagabea dela esango genuke. Jakinduria mugatua duen gizakiaren nahia jakinduriaz mugagabea izatea da. Horregatik sortu du giza itxura duen jainko ahalguztiduna, ohartu gabe bere barnean baduela garatu gabeko jaikozko kontzientzia mugagabea.

Jakinduria beti pertsonekin, gizakiarekin, lotu izan dugu, arrazoiduna dela eta. Bada guk pentsa eta imajina ere ezin dezakegun jakinduria bat. Bakarrik diogu: "Bada". Zientzialarien %50a ados dago "bada" horrekin, nahiz eta ikertzen jarraitu. Jakin, fisika kuantikoko saiakera batzuen emaitzak oraindik ez direla argitu. Zientzialarien beste %50ek zoriaren kulunkan, kasualitatean jartzen dituzte emaitza ulertezin horiek. "Den" hori dena "da", eta gu ere gara, bizia misterio bat da. Nazareteko Jesusek "ni naiz" esaten zuen. Ezin dugu pertsonifikatu, bere handitasuna galdu egiten baita: espiritua, indarra, energia, bizia, esentzia, absolutua, kontzientzia unibertsala, fundamentua, potentzialitatea, biziaren prozesu inteligentea... Zenbat eta zenbat hitz eta kontzeptu erabili diren eta erabiltzen diren "den" hori azaldu nahian!

"Zenbat eta zenbat hitz eta kontzeptu erabili diren eta erabiltzen diren 'den' hori azaldu nahian!"

Aita gurea, Jaungoikoa, pertsona kontzeptuak dira; maila altueneko gizakia? Otoitzak, orokorrean, pertsonalak dira, aurrez aurrekoak, eta dualak: zu eta ni, ni eta zu. Ez ote da kontzientzia garatu ez dugun gizakion ahalguztidun eta betikotasun nahia aita horretan jarrita egongo? Santuek, mistikoek, jakinduriaz argitutako gizon-emakumeek eta heriotza gertutik bizi izan duten milaka pertsonek argia, zoriontasuna, maitasuna, energia, pasoko tunela eta abar bizi izan dituzte, baina aita bizar-zuririk ez dute aipatzen.

Gabonak. Eta orain semea. Jainkoa gizaki itxurakoa bada eta aita deiturikoa, semea ere ez da urruti ibiliko. Jesus, aita eternoaren semetzat hartzen dutena, duela 2022 urte jaio zen Nazareten (gutxi gora beherako datu historikoa). Ez dakigu zergatik jaio ote zen garai horretan eta ez gizakiaren milaka eta milaka urteetako ibilbide luze horretako beste une batean. Baliteke, Ekialde Hurbileko inguruetako 500 urte aurreko mitologietan birjinengandik jaiotako jainko-seme asko izan zirenez, Jesus jainko-semearentzat ere une egokia izatea.

Egia da, "aita" Jesusek berak deitu ziola goxotasunez, Yahveh izenarekin ezagutzen zuten jainkoari. Norbaiti "aita" edo "ama" izen egokia iruditzen bazaio, "den" horri ere berdin deitu diezaioke, baina ez da gizaki itxurakoa izango. Gaur egun Jesus Nazareteko Mariaren semea pertsona historikotzat hartzen du gehiengo handi batek. Berari buruz eta berak egindako zein esandakoekin dezente geroago idatzitakoak irakurriz, argi ikusten da pertsona argitua zela eta bihozbera, enpatia handikoa. Jarraitzaile sutsuak izan zituen eta ditu oraindik ere. Historiak, gure garai aurreko hiru-bi mila urte aurretik hasita, erakartasun handiko eta jarraipen ugariko gizaki ospetsu asko eman ditu, eta horien onomastikak ospatu ohi izan dira eta ospatzen dira. Zergatik ez Nazareteko Jesusena ere, neguko solstizioarekin batera ospatu? Jesus gidari dugularik jainkotasuna "den" hori ere ospatu dezakegu gure barnean, aita eta ama guztiekin batera.

Eguberri zoriontsu bat denontzat!

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago