Iritzia

Homo betaurrekoak

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Lasa Nuin 2022ko eka. 10a, 12:00

"Kristauek, musulmanek edo judutarrek eta hauengandik sortutako erlijioen jarraitzaileek homo betaurrekoak jantzita dituzte. Badakit jende multzo txiki bat, txikiegia zoritxarrez, betaurrekoak kendu eta beste era batetara ikusten hasi dela".

Betaurreko marka hau gizakiak bakarrik darabil. Gizakiak aspalditik jantziak ditu, eta oso gutxi dira betaurreko hauek kendu eta ikusteko beste begirada bat lortu dutenak. Beraz, betaurreko hauek ez dira norberak nahi duenean hain errez kendu eta jarri egiten diren horietakoak.

"Duela 10.000-12.000 urte sortu zituzten betaurreko hauek, neolito garaian, hizkuntzaren hastapenekin batera"

Duela 10.000-12.000 urte sortu zituzten betaurreko hauek, neolito garaian, hizkuntzaren hastapenekin batera, auto-kontzientzia lortzearekin batera. Orduan sortu zitzaion gizakiari nia, egoa. Ordura arte gu, geu, gutarrak gehiago zen, ni eta nirea baino.

Badirudi talde kontzientzia aurreragokoa dela, klanetan bizi zirelako eta norberak baino garrantzi handiagoa zuelako taldeak. Euskaldunok, oraindik ere, badugu joera "gure Antonio" edo "gure Joxepa" esatekoa, etxeko norbaitengatik hitz egiten ari garenean. "Gure" hori oso gurea dugu. Gizakiaren eboluzioan —eta hau azpimarratu nahi nuke—, pauso garrantzitsua izan zen norbere buruaren jabe egin eta, azkenik, bere nortasuna lortzea. Hortik hasi zen norberaren autoestimua ere. Auto-kontzientzia ezaugarria ez da gizakiarena bakarrik.

"Gizakiaren ezagutza ikuspegi kontrajarrietan oinarritzen da: hau zuria da hori beltza delako"

Auto-kontzientzia norbere burua ezagutzeko gaitasun bezala ulertuz gero, badira animalia batzuk, abere eta hegazti, ispilu baten aurrean euren burua ezagutzeko gaitasuna dutenak. Aipatu daitezke, adibidez: elefanteak, mika txoriak (korbidoak), tximuak... hauetatik bakar batzuk, noski. Gaur egun, ezin daiteke hauen auto-kontzientzia gizakiarenarekin konparatu, baina esan behar gizakia ez dela bakarra.

Harrezkero, gizakiak dena beregandik, bere begiekin, bere bihotzarekin, dena beretik ikusten du; bere betaurrekoak jantzi ditu betirako. Ni, neu eta besteak, beste guztia, bi gauza desberdin dira. Izan ere, gizakiaren adimenak horrela funtzionatzen du. Bere ezagutza ikuspegi kontrajarrietan oinarritzen da, hau zuria da hori beltza delako; hau handia da beste hori txikia delako; hau txintxoa da hori gaiztoa delako; eta abar. Horrela, guregandik at dagoen guztia, ni ez den beste guztia da. Nia ezin da nahastu beste inorekin, beste guztiarekin. Betirako banandu gara.

"Naturarekiko benetako harremana buruko ileetatik hasi eta hanka puntetaraino natura zarela sentitzea da"

Betaurreko horiek jantzita ditugun bitartean, gure egoismoa ezingo dugu gainditu. Gehiago oraindik, maitatzeko ere arazoak izango ditugu, maitatu aditzaren lehen pertsona ez baita galduko, eta beti nik egiten dudan zerbait izango da, enpatia gabeko maitasuna. Nik egiten dudan hori zoragarria izan daiteke: lagundu, babesa eman, maitatu eta abar, baina, nahiz eta ez konturatu, inkontzientziak niarekin lanean jarraitzen du. Buruaren garapena eta nia batera doaz, eta burua lanean ari den bitartean egoa bultzatuko du beti, eta, gainera, artista bat da, nahi duenean, egoa engainatzen, direnak eta ez direnak asmatuko ditu berak nahi duena egin dezagun. Sakonean meditatu nahi izanez gero, lehenengo burua isildu behar omen da.

Homo betaurrekoak jantzita ez zara sekula naturaren parte izango, beti zu eta natura bi izango zaretelako. "Zaindu dezagun natura" esaten duzunean, zu ez zaude naturan. Zuk natura kanpotik zaindu nahi duzu. Gehiago oraindik, nahiz eta esaldi altruista dirudien, ikuspegi egoista dauka zera esaten dugunean ere: "Nolako mundua utzi behar diegun gure seme-alabei!". Gure seme-alabak aipatzen ditugunean, gu geu aipatzen gara, niak hor jarraitzen du.

"Zer edo zein izaki da ba gizakia bere Jainkoarekin aurrez aurre jartzen dena?"

Naturarekiko benetako harremana buruko ileetatik hasi eta hanka puntetaraino natura zarela sentitzea da, izan ere ez baitzara beste ezer, natura baizik. Ulertuz beti ere, den guztiaren parte zarela den guztiarekin.

Naturarekin gertatzen den bezala, berdintsu gertatzen da erlijioekin ere, batez ere Ekialde Hurbilean sortu eta mendebaldean ezagutzen ditugun hiru erlijio handienekin eta hauetatik sortutako beste guztiekin. Hauek denak monoteistak izanik, urruti, zeruan dagoen Jainko batez hitz egiten dute, hura gurtu eta hari otoitz eginez. Xabier Letek aspaldi zioen Maiteaz galdezka bere haserako kantan: "...urruti zegok hura, han bere zeruan, gu bakarrik utzirik umezurtz munduan". Kristauek, musulmanek edo judutarrek eta hauengandik sortutako erlijioen jarraitzaileek homo betaurrekoak jantzita dituztela ziurta dezaket. Badakit jende multzo txiki bat, txikiegia zoritxarrez, betaurrekoak kendu eta beste era batetara ikusten hasi dela.

Zer edo zein izaki da ba gizakia bere Jainkoarekin aurrez aurre jartzen dena? Hori egiten duena betaurrekoekin doan seinale, nola bestela. Ni eta Jainkoa, bi pertsona. Zer naiz ba ni? Hau ez da gertatzen ekialdeko beste pentsamendu edo filosofia batzuekin. Ez dago betaurrekorik, ni eta hura (den guztiaren izatea) bat dira. Ez dago ni pertsonarik, dena da, ni barne. Ondorengo kontutxo honek ederki adierazten du. Inkisizio garaietan, torturatzen ari ziren mistikoari galdetu zioten:

— Baina zu nola zoaz kaletik jainkoa zarela esanez?

Eta mistikoak erantzun zien:

— Nik ez dut sekula esan jainkoa naizenik, jainkoa ni dela baizik.

Bada garaia betaurrekoak kentzen hasteko!

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago