Denok ezagutzen ditugu etxe orratzak, gure herrietan ere baditugu hamar edo hogei solairuko etxe luzeak. Munduko zenbait lekutan ehundik gora solairu dituztenak ere ba omen dira. Etxebizitza edo etxe-bulego horiek zerurantz hainbeste oin badituzte, lurrazaletik behera ere mordoxka bat izango dituzte. Izan ere, alde batetik, horrenbeste bulegorentzat aparkalekuak behar dituzte, eta, batez ere, horrelako luzera duten etxeek oinarriak ere sendoak behar dituztelako.
Gizakiaren eboluzioa arakatu eta horren inguruko informazioa bilatu nahi duzunean, txosten guztiak tximuetatik hasten dira, primateetatik hain zuzen ere. Baina zientziak beste zerbait adierazten digu, gizakiak aurrekari gehiago badituela eta bere geneen ikerketek oso urruti garamatzatela. Tximuena eboluzioko une garrantzitsu bat bezala hartu behar dugu, baina gizakia osotasunean konprenitzeko askoz ere urrutirago joan behar dugu.
"Biziaren sorrera une oso garrantzitsua da, baina gertaera horiek ez ziren tximistaren abiaduran jazo, milaka edo milioika urtetan baizik"
Gizakia biziduna da, dudarik gabe, eta biziaren sorrera ere une oso garrantzitsua da. Unea aipatzen dugu, baina gertaera horiek ez ziren tximistaren abiaduran jazo, milaka edo milioika urtetan baizik. Bizia zer den argitzea ere ez legoke gaizki, baldin eta argitu badaiteke. Gehienek zera diote: jaio, ugaldu eta hil, ziklo hori egiten duen orok bizia daukala. Beste batzuek gehitzen dute honako elementu hauek ere garrantzitsuak direla: energia lortzeko ahalmena, kanpoko edo barneko estimuluei erantzuteko ahalmena edo egoera desberdinetara egokitzeko ahalmena edukitzea.
Lurra duela 4.500 milioi urte sortu zen, eta lehen zelulak duela 3.500 milioi urte aldera azaldu ziren. Aurretik, egoera fisiko-kimiko probiotiko bat eman zela nabaria da, bizia prozesu luze baten ondorioa baita. Beraz, esan daiteke bizia gerta zedin beharrezkoak ziren elementuak hor zeudela. Big Bang leherketa hura gertatu zen une hartatik? Edo, leherketa aurretik ere ezereza, energiazko hutsune kuantikoa, sakoneko energia, den guztiaren sorrerako iturria deitutako horretan, bazen bizia sortzeko zerbait? Galdera horiei erantzutea ezinezkoa da gaur egun, eta gerora ere ez da erraza izango.
Bizia zeri deitzen diogun azalpen labur bat eman dugu, baina ahalegin horretan energiari buruz apenas esan dugun ezer. Zientzia kuantikoan, txikitasuneko elementuekin eta partikula txikienekin ikertzen duten zientzialariek materiaz hitz egiten dutenean, energiaz ari dira, eta esan ere esan dute materia bera ez dela existitzen, energia baizik. Har dezagun harri koskor bat, berez goian emandako definizioarekin, bizirik gabea, ezta? Eta iker ditzagun bere atomoak eta horien partikula osagaiak: protoiak, neutroiak eta elektroiak; edo quarks eta hadroiak bezalako partikula txikienak, eta konturatuko gara harri puska txiki horretan udaberriko erlauntzetan baino mugimendu handiagoa dagoela.
"Guk dugun biziaren kontzeptuarekin atomoaren dantza horri ezin diogu bizia deitu. Zer demontre da orduan?"
Guk dugun biziaren kontzeptuarekin atomoaren dantza horri ezin diogu bizia deitu. Zer demontre da orduan? Energia. Nire uste, oso uste apalean, energia da biziaren elementurik garrantzitsuena. Molekulak atomoz eginak daude, eta lehen zelulak ere bai, beraz energiaz josiak. Zelulen sorreran mineralek ere zer ikusi handia izan zuten, gure gorputzetan duten bezalaxe. Zientziaz oso gutxi dakit, baina benetan azaldu nahi dudanarekin hasi aurretik, elementu horien inguruan argitasun apur bat eman nahi nuen; beharbada, kontrakoa ere gerta daitekeela kontutan hartuta.
Goazen ba gizakia deitzen den etxe orratz horretara, eta has gaitezen gizakiaz hitz egiten. Gizakia, biziduna, ez da tximuekin hasten, Big Bang leherketa aurretik baizik. Leherketa ondoren sortu omen ziren elementu batzuk; adibidez, hidrogenoa, helioa, litioa eta, geroago, elementu gehiago, bizia gerta zedin. Lehen zeluletatik hasi eta ondorengo prozesu guztian, gizakia ere bertan egon da. Hau izango litzateke gizakiaren etxe orratzeko solairurik sakonena. Oinarri sendoenekoa. Betidanik izan gara.
Badirudi lehen zelulak begetalak zirela, eta lehenengo landareak eta zuhaitzak eman zirela, beste eratako animalien zelulen aurretik. Harrituta geratu nintzen irakurri nuenean banana batek %60ko antzekotasun genetikoa daukala gizakiarekin. Beraz, landareek, zuhaitzek eta euren fruituek zer ikusi handia dutela gurekin, alegia.
"Gizakiaren etxe orratzaren lurrazpiko solairu horiek oso garrantzitsuak dira eta ezin ditugu ahaztu. Gure parte dira ere"
Lurrazpiko beste solairu batera pasako gara. Animaliak. Hasi lehen protozelulekin, zelula bakarreko protozooak, eta zelula askoko estruktura konplexuekin animalia osatuagoetara pasa ginen. Gure genetikako ADNak animalia askorekin daude lotuak, eta ez txinpantzeekin bakarrik. Horrela, arratoi batek %80ko antzekotasuna du gure ADNarekin, Abisiniako etxe-katuak %90eko antzekotasuna, ozpin-eltxoak %61ekoa. Txinpantze batek %96ko antzekotasuna dauka gure ADNarekin. Antzekotasuna aipatzen dut, eta ez berdintasuna. Gezurra badirudi ere, aipatu ditugun landare, zelula eta animaliak gure aurrekariak dira, gure arbasoak, gure anai-arreba zaharrak.
Gizakia ezin da horretaz ahaztu, berarekin baitaramatza horien informazio genetikoak. Gizakiaren etxe orratzaren lurrazpiko solairu horiek oso garrantzitsuak dira eta ezin ditugu ahaztu. Gure parte dira ere.
Lur-azalera iritsi gara gizakiaren etxe orratzean. Etxe honek ez du igogailurik, eta harmailak banaka-banaka igo behar dira, milaka eta milioika urteetan zehar. Gizakia hasi da gainditzen apurka-apurka txinpantzearen izatea eta jokabidea, eta badoa Afrikako sabanetatik, bi hanken gainean zutik, zerbait ehizatu nahian. Milaka urteetan ikasten eta hobetzen joango da, eta Australopithecus lehen gizaki hark etxe orratzeko solairu pare bat gainditu zituen. Gero, beste gizaki batzuk etorri ziren, adar desberdinetakoak: homo habilis, homo erectus, homo neanderthalensis eta abar. Denak desagertu ziren, eta gure aurrekoak homo sapiens gizakiak izan ziren.
"Adimenaren garapenak etxe orratzeko solairuetan gora egiteko balio izan digu, baina zer garen eta nondik gatozen ahaztu egin dugu"
Gizaki horiek denak, pixkanaka etxe orratzean goraka joan ziren, beti hobetzen. Garbi dago geroz eta buru argiagoa zutela, eta, etxe orratzean solairuak igo ahala, argitasun gehiago eta ikuspegi zabalagoa zutela. Baina, bestalde, egia da ere, lurretik eta, batez ere, etxe orratzeko sakoneko oinarrietatik aldentzen joan zirela. Alturako haize beroak edo hotzak kaskoa haizatu eta guztiz berekoiak, egoistak eta bakartiak bihurtzen hasi ziren. Adimenaren garapenak etxe orratzeko solairuetan gora egiteko balio izan digu, baina zer garen eta nondik gatozen ahaztu egin dugu. Ekologia, elkarkidetza, feminismoa, hezkidetza, etorkinei harrera, eta abar hitz politak erabiltzen dira, baina etxe orratzeko goiko solairuetatik jaitsi gabe.
Gu garen etxe orratza guztia, osoa da, oinarrietatik hasi eta heldu garen lekurainokoa. Eta gogoan eduki oraindik ez garela gailurrera iritsi, ibiltzen goazela. Gehienok bi-hiru solairuetan gora eta behera, jira eta bira, gabiltza, ez baitugu aurrerapenik egiten. Horretan gaudela uste dut.
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.