Iritzia

Solstizioaren harira

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Lasa Nuin 2021ko eka. 21a, 09:30

'Koperniko astronomoa' olioa (1872). / JAN MATEJKO

"Aurten ere, San Joanak direla eta, uda honetako solstizioan, traste zahar ugari erreko da, sugar ederrak aireratuz. Baina antzina, ez hain antzina, sutan pertsonak ere erre ohi zituzten".

Eskerrak Nikolas Koperniko (1473-1543) poloniarrak XVI. mendean argitu zizkigula lurra eta eguzkiaren arteko gorabeherak. Ordura arte, hamalau mendeetan, Tolomeoren teoriak (II. mendea) zuen presentzia; konstelazio guztia lurraren inguruan mugitzen zela, alegia. Lurra eguzkiaren inguruan biraka zebilela eta ez eguzkia lurrari bueltaka esateagatik, ia-ia sutan erre zuten Nikolas.

Aurten ere, San Joanak direla eta, uda honetako solstizioan, traste zahar ugari erreko da, sugar ederrak aireratuz. Baina antzina, ez hain antzina, sutan pertsonak ere erre ohi zituzten. Nikolasen teoria berriak aurrekariak ere bazituela berak aitortzen omen zuen. Adibidez, Samosko Aristarco astronomoa, gure garaiaren aurreko II. mendeko grekoa. Beraz, heliozentrismoaren ideia zaharra da.

"Lurra eguzkiaren inguruan biraka zebilela eta ez eguzkia lurrari bueltaka esateagatik, ia-ia sutan erre zuten Nikolas"

Gaur egun, mundu guztiak daki lurra eguzkiaren inguruan dabilela, aldi berean lurra bera ere, errotazioan, ardatz baten inguruan etengabeko bueltan jardunaz. Eguzkia eta lurraren funtzionamendua erakusteko gaztetxotan eman ziguten zibotaren irudia datorkit burura. Zibota bera bueltaka dabilen bitartean, lurrean ere alde batetik bestera borobilean buelta ematen du, elipse bat irudikatuz. Adibide ederra. Zibota ere bere ardatza apur bat okertuta duela ibili ohi da, eta horrexek markatzen dizkigu, hain zuzen ere, eguzkiaren solstizioak eta ekinozioak zibotan, bizi garen lurrean.

Zaila izango zen mende batzuk lehenago heliozentrismoa planteatu ere egitea, lurra bera laua zela esaten zuten garaietan. Lurra esferikoa zela Greziako filosofo batzuk adierazi zuten, ez gaur guk aitortzen dugun eran; zerbait konplikatuagoa noski, baina beste baterako utziko dugu.

Gaur egun, XXI. mendean, badira oraindik lurra laua dela esaten dutenak (nahi baduzu, badaude artikuluak interneten). Hala ere, zaila izango litzateke ulertzea, Kopernikoren garaian, gizakiak nola demontre ote zeuden kontrako hemisferioan, buruz-gora ala buruz-behera. Eskerrak mende bat geroago Isaac Newton etorri zitzaigula Grabitazioko Legearekin. Lasaitu ederra hartu genuen!

"Gaur egun, XXI. mendean, badira oraindik lurra laua dela esaten dutenak"

Milaka urtetan genuen kosmosaren ikuspegi geozentriko hartatik irten eta ikuspegi heliozentriko batera pasatu ginen, eta unibertsoaren ikuspegia guztiz aldatu zitzaigun. Kosmologiak eta, orokorrean, zientziek, gure garunak ireki zituzten, eta berpizte bat eman zen XVI. eta XVII. mendeetan. Errenazimentua.

Baina bada beste zentrismo bat garaitu ez duguna. Gehiagotu, handitu eta zabaldu egin dela esango nuke nik: antropozentrismoa. Ez pentsa, honek ere badu kosmosarekin zer ikusia. Gizakia oinarri, ikuspuntu, kudeatzaile, moldatzaile... eta nagusi bezala jarri denean lur honetan, lurrak eguzkiari buelta ematen jarraituko du, baina bira bakoitzean, urtetik urtera, pobreagoa da. Antropozentrismo honi androzentrismoa ere erantsi behar zaio. Gizakia, eta gizonezkoa bereziki, kosmosaren zentroa.

Gizakia Paleolitotik Neolitora pasa zenean, duela gutxi gorabehera 12.000 edo 10.000 urte, sedentarioa bihurtu zen. Soroak lantzen eta abereak hezten hasi zen, naiz eta ehizan eta fruituak biltzen jarraitu. Aldaketa izugarriak gertatu ziren. Hizkuntza, mintzaira, izan zen garrantzitsuena, eta rolen sorrera eta erabilera. Mundu berri bat sortu zen. Lehen familiak edo klanak baziren orain, eta lotura handiko denetariko taldeak sortu ziren, baita buruzagiak ere. Garai hartako gizakia mitikoa zen, eta hizkuntzaren bidez irudimenaren mundua oso ongi jorratu zuen. Lehen buru garatu hartan sortutako arazoei irtenbidea topatzeko, berehala hasi ziren indar ahaltsu mitikoak bilatzen.

"Baina bada beste zentrismo bat garaitu ez duguna. Gehiagotu, handitu eta zabaldu egin dela esango nuke nik: antropozentrismoa"

Pare bat edo hiru mila urte geroago erlijioak sortu ziren, erlijio teistak. Prozesua ez zen bat-batekoa izan. Gizakiak berak asmatutako erlijioak ziren, nahiz eta adierazi jainkoen nahia zela, jainkoek idatzitako mandatuak zirela, jainkoek ametsetan hitz egiten zietela, eta abar.

Gizakiari ondo zetorkion bere neurrira asmatutako jainkoak izatea. Beti euren alde eta etsaiaren aurka. Buruzagiak, erregeak, jainko izateko aukera ere hor zegoen: Egipton Faraoiak edo Erroman Cesarrak. Gizakia, berearekin konforme ez, eta gehiagoren bila borrokatu zen, esanaz: "Gora gu eta gutarrak, gu baino hoberik ez da inor, aukeratuak gara eta jainkoak gure alde ditugu".

Horrela, ingurukoak erraz bihurtzen ziren etsai. Begira nolako historia, inperio izugarriak: Persiarra, Babiloniarra, Egiptoarra, Greziarra, Erromatarra, Espainiako Inperioa (Hego-Amerika barne), Alemaniar inperio nahia (naziak) eta iraultzak...? Frantziakoa edo Errusiakoa. Eta zer esan Iraultza komertzial eta finantzarioez: Ipar-Amerika, Txina, Japonia...

"Noiz iritsiko da gizakia beste kontzientzia helduago batetara? Ikuspegi berria behar bada garatzen ari da, baina kontzientzia maila?"

Baina oraindik ez da amaitu estadio mitikoa: globalizazioa. Hitz horren atzean kontzeptu asko gordetzen da. Niri, behintzat, galdera asko datozkit burura. Ez zen globalizazioa inperio handiek egiten zutena, batzuk besteak baino goxoago egin arren? Zer zen Europako nazioek egiten zutena kolonizatzearekin? Ez ote da gaur egun egiten den globalizazioa berdina izango, baina kamuflatua? Ez ote dugu gaur egun duela 8.000 urteko gizakiaren kontzientzia maila berdina, mitikoa? Eta, azkenik, ez ote gaude oraindik ere, itxura guztien arabera, antropomorfismo batean buru-belarri murgilduta? Noiz iritsiko da gizakia beste kontzientzia helduago batetara? Ikuspegi berria behar bada garatzen ari da, baina kontzientzia maila?

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago