Iritzia

Aste Santua

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Lasa Nuin 2021ko mar. 29a, 17:00

Ostiral Santuko prozesioa, Gasteizen. / Andre Maria Zuriaren Kofradia

"Inoiz galdera sakonik burura etorri al zaizu? Nor naiz ni edo zer naiz ni? Ze lotura dut nik beste gizakiekin, animaliekin, naturarekin, kosmosarekin?"

Oraindik ez zaio izena aldatu eta ez zaio, seguru asko, aldatu ere egingo. Bere jatorria antzinakoa da. Juduen Pazkoa ospakizunetik dator eta Nazareteko Jesusen heriotzaren inguruko gertakariarekin berritu zuten Pazkoa zaharra. Hau guztia gogoratzeko eta berpizteko, Erdi Aroan, elizetan eta eliz-atarietan Jesusen Pasioaren antzerkiak egin oi zituzten eta hortik kaleetara pasa ziren. XVI. mendean sortutako Kofradiek eta Anaidiek zerikusi handia izan zuten afera honetan. Mende honetan hasi ziren lehen desfileak ere, baina kalera irteteko grina hori Kontrarreformarekin batera etorri zen. Kristau Katolikoek sutsuki eta kaleko manifestazioen bidez egin zioten aurre Martin Luteroren Erreformari, euren fedea publikoki agerraraziz.

Aste Santua deitura ez dela aldatuko esaten dut hasieran eta hona pare bat arrazoi: lehena, Europa guztian oso errotua dagoela eta zer esanik ez Espainia partean. Euskal Herrian ere jarraitzen dute ospakizunek, noski. Bigarrena, Espainiako Gobernuak onartu zuela 2017an Manifestación Representativa del Patrimonio Cultural Inmaterial bezala izendatzea Aste Santuko ospakizunak. Gizartearen Patrimonioa dela eskatzeko espediente bat ere ba omen dago. Berriro ere elkarrekin erlijioa, artea eta politika.

Eta, gaur egungo Aste Santua? Pentsatzen dut, 2021an ere, hemen Euskal Herri mailan, erlijio kutsuko ospakizunak aurreko urteetakoen antzekoak izango direla han eta hemen. Beharbada, pandemia dela eta, zerbait umilagoak. Egia esan, 50 urte hauetan ez dut sumatu elizkizunetan eta erritualetan aldaketa handirik egon denik, baina bai konturatu naizela elizako aulkietan hutsune handiak sortu direla. Hau errealitate bat da, ez Aste Santuetan bakarrik, elizako ekitaldi guztietan ere antzera. Gizarteari galdetu beharko diogu, non zaude? Gizartea asko aldatu da. XVIII. mendeko Ilustrazio garaietatik hasita, arrazonamenduaren ateak ireki zirenetik, magiaren eta mitoen estrukturak pixkanaka ahultzen joan dira. Erlijioek hortik asko daukatenez, nahi baino gehiago, gizakiari, fede hutsezko eta arrazonamendurik gabeko erlijioak ulertezinak gertatzen zaizkio. Ilustrazioak, beste arlo batzuetaz aparte, zientzia eta industrializazioa ere asko bultzatu zituen eta gizakia lurrari, berehalako errealitateari lotu zitzaion, kontu existentzialistak ahaztuta. Gainera, ondoren sortu zen sistema kapitalistak berak ere hedonismoari eta berekoitasunari hauspoak eman dizkio, bere buruan bakarrik pentsatzen duten gizakiak komeni zaizkiolako. Gaur eguneko gizartea sekularizatua ez ezik, kontsumista eta berekoia da gehien bat. (Ilustrazioak onura handiak ere ekarri zituen: Erdi Aroko jauntxoekin amaitzea, Frantzia eta Ipar Amerikako iraultzak, esklabutzaren abolizioa, emakumeen hala-holako liberazioa, … )

"50 urte hauetan ez dut sumatu elizkizunetan aldaketa handirik, baina konturatu naiz elizako aulkietan hutsune handiak sortu direla"

Erlijioak ez dira aldatu. Erdi aroko dogma berdinekin jarraitzen dugu. Gaur egun errezatzen den kredoa, adibidez, IV. mendekoa da, eta ordutik hona euri asko egin du gizakion kaskarretara. Filosofian gorabehera handiak egon dira eta teologian, berriz, beti antzeko kontzeptuekin bueltaka. Zientzia izan da aurrerapen izugarriak eman dituena eta esan dezakegu zientzia kuantikoak XX. mende-arteko fisika guztia hankaz gora jarri duela. Garai berri batean bizi gara, dudarik ez. Gaur egun zeruaren, unibertsoaren handitasuna bere galaxia, zulo beltz, eguzki, planeta, satelite, eta abar luze baten ikerketek txundituta utzi gaituzte. NASAk, duela 2 urte, 36 planeta berri topatu omen ditu. Geure planeta ote da bakarra? Munduko elementurik txikienak aztertzen berriz, partikularik txikienekin jolasean ari dira zientzia kuantikoan, emaitza harrigarriak lortuz. Presokratikoek, Platonek, Plotinok (III. m.) eta beste batzuk k. a. V. eta IV. mendeetan adierazitako "dena lotuta dagoenaren kontzeptu filosofikoa" (kontzeptu holistikoa), nork esango zuen antzeko emaitza zientifikoak eta enpirikoak lortuko zituenik fisika kuantikoak. Dena sare batek lotzen duela, alegia. Partikulen arteko korapilo kuantikoa.

Aurtengo Aste Santutan ere jende multzo bat, gutxiengoa, elizkizunetara joango da, fedeak hala bultzatuta. Hauetako batzuk prozesioetan ere parte hartuko dute fede honez, eta beste batzuk ere agertuko dira prozesioetara, nazarenoak, kandela eramaileak, antolatzaileak, eta abar. Prozesioetan parte hartzen dutenen artean ikusi izan ditut oinutsik, penitenteak eta negarrez ere bai. Ezin uka barruko sentimendurik ez dagoenik. Baina jendetza multzorik handiena kale bi bazterretan ikusi izan dut. Ikusmiran daudenak, horietako asko turistak. Euskal Herrian ere badira Jesusen nekaldia antzezten duten herriak, fedez eginiko emanaldiak, bai Balmasedan edo Durangon. Segurako prozesioa eta Bilbokoa ere sonatuak dira, bestak beste.

Eta zu, irakurle, nora joango zara? Zer egingo duzu? Urrutira ezingo zara joan, LABIak ez baitizu baimenik ematen. Baina gertuan ere baduzu zer ikusi, zer bizi, zer eta nola gozatu. Elizkizunetara? Prozesioetara, parte hartzera edo ikustera? Turismo erlijiosoa egitera? Edo, hondartzara, kirola egitera, mendira, sagardotegira…

Inoiz galdera sakonik burura etorri al zaizu? Nor naiz ni edo zer naiz ni? Ze lotura dut nik beste gizakiekin, animaliekin, naturarekin, kosmosarekin? Zergatik maitatu behar dut? Beste hauek galdera existentzialak ez badira ere, galdetu zaitez nola dagoen mundua eta nora goazen abiadura itsu honetan. Barne eta sakoneko galdera hauek egiteko isiltasuna eta unerik topatuko ote duzu bost egunetan? Topatu gai hauek jorratuko dituen libururen bat eta irakurri. Liburuak irakurtzea ez bazaizu gustatzen, aurkitu youtuben antzeko gaiak eta entzun, asko daude eta. Baina kontuz ibai honetan ito gabe, denetarik dago eta. Adibidez, Ostiral Santuan bijilia egiteko asmoa baduzu, haragia baino bi aldiz garestiagoa den bakailaoa prestatzen ari zaren bitartean, jarri youtuben Jose Arregiren Jesus no murió por nuestros pecados. Izan zoriontsu!

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago