Oraindik ez da asko, 6 hilabete, eguzkia buru gainean genuela eta kaskarra ederki berotzen zigula, gure gorputzaren itzal labur bat alboan genuela. Gaur eguzkiak albotik igurzten gaitu, egun argitsuan goxoki eta lurrean geure gorputzaren erreinu luze bat sortuz. Eguzkia goietako leporaino jaitsi zaigu eta hortik behera jaitsiz gero, betirako ezkutatuko litzaiguke. A zer nolako panorama! Eguzkia betirako gorde. Neguko solstizioan gaude.
Erraz esaten da eguzkia betirako gorde eta, behar bada, guk holako kezkarik ez dugu izango, baina antzinako gizakiak horren beldur baziren. Behin eguzkiak gorako bidea hartzen zuenean pozteko egunak ziren, egun berriak. Gaur lasai asko erabiltzen dugu eguberri on, zer esaten dugun jakin gabe. Hasi da negua. Badirudi eguzkiari berari ere gorako bidea nekeza egiten zaiola eta ondorengo hilabeteak ez dira xamurrak izango: hil-beltza (Ilbeltza, Urteilla, Izotzila) otso-hila (Otsaila, Barantaila, Kataila) … Negu giroa bistan, alegia.
“Elur melur ez nauk hire beldur, badizkiat nahiko arto eta egur”
“Elur melur ez nauk hire beldur, badizkiat nahiko arto eta egur” Esaera zahar hau ez da oso zaharra izango, artoa Ameriketatik ekarri baitzuten XVI. mendean. Egurrarena beste historia bat da. Antzina antzinatik, sua asmatu zutenetik, egurra izan da materiarik behar beharrezkoena, gaur petrolioa bera baino gehiago. Sua izanik bizirauteko elementurik garrantzitsuena, egurra behar sua egiteko, harriek ez baitute surik egiten. Gainera, egurrezkoak ziren etxeak, zurezkoak lanabesak, zurezkoak altzariak, metal-garaia iritsi arte zura zen nagusi.
Sua. Berriro ere neguko solstizioan sua protagonista. Udako solstizioan sua genuen San Joanetako ospakizunen muina eta neguko solstizioan ere sua izango dugu ezinbesteko elementua. Baina oraingoan arrazoi gehiagorekin, neguan gaude eta barru giroa behar dugu, sukalde giroa, berotasuna, argitasuna, azken batean goxotasuna. Suak ezin du hutsegin urte osoan, bereziki, negu partean. Sua eta egurra neguko bi elementu beharrezkoak.
"Suak ezin du hutsegin urte osoan, bereziki, negu partean"
Bada edo bazen (beheko suak desagertu egin baitira eta ohitura ere noski galtzen doa) Euskal Herri osoko ohitura oso zabaldua, lurralde guzietan azaltzen dena, gabon enborraren ohitura. Enbor honek izen desberdinak hartzen ditu. Hara hemen bakar batzuk: Gabon mukur, subilaro (Bizkaian); Gabon subila (Antzuolan); Gabon enborra (Trespuentesen, Araba); Onantzaro mokorra (Nafarroan); Olentzero enborra (Oiartzunen) … Metro-erdi luze eta beso edo izter baten lodierako egur bat, aurrez aukeratua, Gabon gauean beheko sutan erretzen zena. Haren errautsak gorde egiten ziren, etxe inguruan, urteko egur pilan eta etxeko soroetan zabaltzeko, izurriteetatik babesteko. Egurra, eguzkia, eguna, eguratsa hitz hauek denak erro berdina dute, Ixabel Millet historiagileak dioenez. Egurra, eguzkia eta egunaren (argiaren) pareko.
Natura, basoa eta egurra Neguko solstizioari lotuta daude. Euskaldunok suari eta egurrari ematen badiogu garrantzia, beste kultura batzuetan ere neguko solstizioa zuhaitzarekin eta egurrarekin lotzen dute. Europako iparraldetik datorkigu zuhaitz bat (gehienetan pinua) etxean sartzeko ohitura. Bateren batek pentsa dezake Ameriketatik datorrela ohitura hori baina alderantziz da, Europatik eraman zuten ohitura. Zuhaitz bat etxean sartzea natura eta basoekiko maitasun seinale da. Naiz eta, zoritxarrez, zuhaitza basoan moztu eta etxean sartzen dugun (gizakiaren niak, egoak, hori egiten du). Eskerrak plastikozkoak ere badaudela. Alemaniako ipar aldean enbor handi bat ere jarri oi dute saloi erdian etzanda eta adornatuta, gozoki eta guzti. Kataluniako Gabon enborra, Tió de Nadal (Cagatió), estalki batez tapatuta izaten dute eta Gabon gauean abesten dioten bitartean makilarekin jotzean gozokiak eta opariak ematen ditu. Egurrari goratzarreak Europa guztian eta Espainiako iparraldean aurkituko ditugu, Katalunia, Galizia, Asturias, Aragoi, …
"Euskaldunok suari eta egurrari ematen diogu garrantzia"
Olentzero pertsonaia mitikoa omen da eta hala izango da. Gizakiak badu, behar bada Neolitotik hasita, oso garrantzitsuak zaizkion elementuak mitifikatu eta pertsonifikatzeko ohitura. Ez pentsa mitoak duela zortzi mila urteko kontuak bakarrik direnik, gaur egun ere mitifikatzen jarraitzen dugu. Maradona futbolaria ongi mitifikatu dute, jainkoen artean jarriz. Eskerrak axaleko mitoak berehala desegiten diren. Nire uste apalean, Olentzero enborra Olentzero panpinan bihurtu zuten eta etxean erre beharrean herriko plazan erretzen hasi ziren eta erretzen dute oraindik ere. Adibidez, Arabako Legutio herrian urtero horrela egiten dute Gabon gauean. Olentzero mitikoa eta magikoa, mitikotasunak magia ere gertu izaten baitu (Gizaki-kontzientziaren eboluzioan garai magikoaren ondoren mitikoa agertzen zaigu). Badakigu, baita ere, panpina batek etxez etxe eskean ibiltzeko aukera ederra eskaintzen duela. Panpina emakumezkoak ere badira, Leitzako Orantzaro emakumez jantzia agertzen da. Mari Domingiren aurrekaria? Olentzero eta Mari Domingi, badago zer esana. Duela 8 mila urte jainkosak jainko bihurtu zituzten eta oraindik berdin egiten dugu.
Mitologia aipatzen dugunean askok pentsatuko duzue kontu zaharrez, ipuinez hitz egiten ari garela. Bai, hala da, baina kontu eta ipuin guztiak ez dira berdinak. Mitologiazko kondairak ez dira hitzez hitz hartu behar, ez dira arrazoitu ere egin behar, baizik eta euren esanahia edo adierazi nahi dutena interpretatu. Mitoak denboran eta sortu ziren garai hartako kulturan jarri behar dira eta ondorioak atera. Erlijioak artistak izan dira mitoak dogmatizatzen. Eta zer digute neguko solstizioko ohiturek, erritoek eta pertsonaia mitikoek? Nola interpretatzen dugu? Nire ustez, Kosmosa eta naturarekiko errespetua, maitasuna eta eskerrona erakusten dizkigute. Egia da eguzkia, ilargia, basoa eta egurra, beste elementu askoren artean, oso gertutik bizi zituztela, euren bizitzaren derrigorrezko parte bezala hartuz.
Gaur egun zerura gutxitan begiratzen dugu eta, naiz eta hankak lurrean eduki, gure Ama-Lurrarekin gutxi gogoratzen gara. Ez dugu surik pizten, beraz ez dugu egurrik behar. Argi indarra, gasa, gasolioa, nondik datozen ez dakigun sorginkeriak ditugu eta nahikoa da botoi bati ematea etxea berotzeko, argiztatzeko, janaria prestatzeko, garbitzeko, … Gizakia abila da eta, bere jakinduria erabiliz, aurkitu ditu egurraren ordezkoak. Baina nondik atera ditu beste materia horiek? Beste planeta batetatik? Ez, gastatzen dugun energia guztia gure Ama -Lurrak emandakoa da. Jairik ospatzen dugu gure eskerrona adierazteko? Inporta zaigu neguko solstizioa? Garbi dago gizakia benetan urrundu egin dela naturatik eta bizitza ematen dion bere Ama-Lurretik.
"Gabonetako pertsonaia hauek kontsumoaren atzaparretan erorita daude"
Hezur-mamizko Olentzero. Gabonetako hezur eta haragizko pertsonaiak asko dira, hasi hemendik eta Europan zehar. Galizian “El Apalpador”(hau ere ikazkina da); Cantabrian “El Esteru” (basomutila); Asturiasen “El Anguleru”(hau itsas-gizona, hala ere naturakin lotua); Leonen “La Bieja del monte”. Europa aldean ezagunena “San Nikolas” da. Obispo hau Gabon jaiekin lotu dute umeei gozokiak eta opariak banatzen zizkielako, umeez arduratzen zelako. Santu honetatik datoz “Santa Claus” ,batez ere Amerikan eta “Père Nöel” ,Frantzian. Euskal Herrian ere herri batzuetan ospatzen dute “San Nikolas txiki”, eskean ibiliz, mutiko bat obispoz janzten dutelarik, Seguran adibidez. “Bizar Zuri” ere agertzen zaigu Donostian eta Zarautzen. Italian “La Befana”sorgin itxurakoa; Errusia, Serbia, Ukrainia eta inguruetan “Ded Moroz” (neguko Aitona eta Elurretako Dontzeila); Islandia, Danimarka eta ipar-Alemanian “Yule Ospakizunak” (naturarekiko ospakizunak, Gizon Berdea). Euskal Herrian Olentzero izan dugu Gabonetako pertsonaia. Gaur egun Olentzero eta Mari Domingi direla esango nuke, pertsonai berdina bi generotan. Ea noiz eta non azaltzen den Mari Domingi bakarrik, Olentzero Covid 19arekin gaixorik dagoela eta.
Olentzero eta Mari Domingi bai, noski. Pertsonaia mitologikoak badira ere ez ditugu dogmatizatuko. Badakit Gabonetako pertsonaia hauek kontsumoaren atzaparretan erorita daudela, Olentzero Noelizatu egin omen da eta zaila da hortik alde egitea. Gutxienez jaso dezagun benetako euren mezua, gure arbasoek jaso zutena: Errespetatu, zaindu eta maitatu zeru-lurrak. Suspertu naturarekiko begirada, gerturatu beregana eta kontsumoa jaitsi, oparietan ere bai.
Egu Berri on!!! Guztioi.