Primeran

Erabiltzailearen aurpegia
Astelehenean egin zieten ongietorria Alaveseko jokalariei./ I. Larrañaga

"Kaikuenak ere badaki futbola gizartean eragiteko tresna aparta dela"

Kultureten munduan ez da ongi ikusten futbolari gorazarre egitea. Zuhaitz Gurrutxagak frogatu zuen Printzipal Antzokian duela aste batzuk, Futbolisto baten konfidentziak bakarrizketan: “Gora Alaves!”, bere garrasiak, ez zuen erantzunik jaso antzokiko besaulkietako jendetzatik.

Eduardo Galeano maisuak futbola zuen pasio. Argi xamar azaldu zuen kultura eta futbolaren arteko harreman hau: “Zertan du futbolak jainkoaren antza? Fededun askok diote miresmena, eta intelektual askok, mesfidantza”.

Kaikuenak ere badaki futbola gizartean eragiteko tresna aparta dela. Gerrarako zein bakerako. Ezaguna da nola Yugoslaviako gudaren lehen ostikoa Dinamo de Zagreb eta Estrella Roja-ren arteko norgehiagokan eman zen. Ezezagunagoa da palestinar errefuxiatuek sortu zutela Txileko Club Deportivo Palestino, eta elkartasunaren sinbolo bihurtu.

Negozio zikina ere bada futbola, FIFAko ustelkeria agerikoena, eta futbol moderno deiturikoaren kontrako mugimenduak ere ernatzen ari dira nonahi Gaur egungo futbolari ez lelopean, edo Defendatu zure herriko taldea, funtsean diru-makina diren kluben antipodetan. Futbolak baditu milaka aurpegi, eta Alavesena horietako bat. Lurralde bat sentimendu baten inguruan dantzan, bateko zein besteko jendea. Igandean izan ziren mila besarkada eta muxu, malko eta irri. Gizarte batek behar ditu arnasgune emozionalak. Aupa Alaves!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide