Polemika polemikoak

Erabiltzailearen aurpegia

Lanbide guztietan gertatzen da ofizioaren kritiko handienak langileak beraiek izatea. Ez dago kiratsa usaintzeko mordoiloaren erdi-erdian egotea baino modu hoberik. Arriskua da sudurra ohitzen doala, eta azkenerako igarri ere egiten ez dugula. Komunikabideak dira kazetarion gorotza.

Etsigarria da zein arinkeriarekin erreproduzitzen ditugun gizartea lokazten duten miseriak. Indarkeriaren morboa, propagandaren menpekotasuna, ezjakin alferraren ausardia, arrazismo geruza disimulatua…

Zorionez komunikabideek ez daukate jendeak zer pentsatu agintzeko ahalmena. Baina zertaz pentsatu erabakitzeko gaitasun handia dute.

Horretarako bidezidorrak dira polemika eraikiak. Interes komunak dituen talde batek dilema faltsuak jarri ohi ditu, eztabaida sano demokratiko tankeraz. Adibidez, delitugile etorkinak herrialdetik kanporatu ala ez. Hedabideen laguntzaz debatea bi ikuspegi itxuraz zilegitan banatzen da. “Artifiziala izanik ere, debate politiko bat egotea beharrezkoa da hedabideak normaltasunez aritu daitezen, eta beharbada baita ere populazioak demokraziaren sentsazioa izan dezan”. Houellebecq zinikoaren Sumisioa-koa da esaldia.

Eskalarik gabeko sumindurak sortzen ditugu. Farola baten dir-dir etenak aztoratzen gaitu. Gasteizko Argentina kaleko trafikoak, atez-atekoak ala txotxongiloak. Gatazka puztuen onuradunak dira bazka behar duten kazetariak.

Hau esanda, irakurle, gremiotik kanpo bazaude, kontuz kritikekin. Inork ez dio bizilagunari norbere familiaz gaizki esaka ibiltzen uzten.

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide