Granada

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Larrañaga 2015ko uzt. 10a, 02:00

79 urtez desagertuta egon da, baina inork ez du Valero zaharraren hutsunea sentitu. Uztailaren 4an aurkitu dute, kasualitatez, igerian ari zirela. Zadorra ibaian azaldu da, Gamarra herriko zubitik hurbil. Uretatik atera du herritar batek –kontu handiarekin ziur aski– eta Agirrelandako komisariara eraman du arriskua. Udaltzainek ez dute hilotz herdoildua ukitu ere egin nahi izan. Hala ba, Ertzaintzak lehertarazi du 1936ko gerran galdutako Valero mortero granada.

Xurxo Ayán ez dago artezilariek egindakoarekin ados. Nahiago luke granada gorde, garbitu, aztertu, zartatu baino. Arkeologia irakaslea da EHUn: "Harrigarria dena da Gamarran agertu izana, hor ez zelako gerrako fronterik izan. Halere hainbat azalpen izan ditzake".

 

Eusko Gudarosteak erabili zituen –errepublikarrekin batera– Eibar eta Markinako fundizioetan ekoizturiko Valero jaurtigailuak. Morteroan sartu eta, fiuuuu, bi kilometro egin zezaketen hegan, etsaiak eta haien armak mututzea xede.

 

"Legutioko guduan jaurtiko zuten, Uribarri-Ganboa ingururantz, gerra frontea han baitzen. Bertatik, Zadorrako urak ekarriko zuen Gamarraraino".

 

Granada txatxua agertu egin da, eta berehala hauts bihurtu dute ertzainek. Ez dugu jakingo ba ote zuen zizelkaturik jaurtitzailearen inizialik. Ez dakigun bezala oraindik norbait ari den gudari haren hezurren bila, lurraren erraietan.

 

 

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!