2019an hitz egingo dugu

Erabiltzailearen aurpegia

Iñaki Larrañaga

 

Hamarretik zortzik ez dio botoa Marotori eman. Bazter guztietan "peperoak" ikusteko paranoian ez jauzteko kontuan hartu beharreko datua da. Gehiengoa dira hauteskunde emaitzak ikustean hasperen egin eta auzolotsa sentitu dutenak. Kontsolamendu tristea. Triste xamarra den bezala Podemos-Ahal Duguri gertatutakoa. Emaitza ikusgarriak izan ditu Biltzar Nagusietan, nola ez ba. Gasteizko Udalean, aldiz, bidean galdu zaizkio 8.000 boto.

Zer gertatu da? Antza, alderdi morearen hautesleek  ez zituzten Gasteizko siglak ezagutzen (interes politiko ezaren zantzua), edo, zuzenean, nahiago izan zuten beste norbait babestu. Markaren garrantzia... Maroto efektua: estatu mailan 2011tik hona popularrek botoak irabazi dituzten hiriburu bakarra da Gasteiz. De Andresek baino 5.744 gehiago. Eta, datuak murtxikatu eta gero, harrigarriena: batek baino gehiagok sartu du Podemos gutun-azal laranjan eta PP zurian. Harrapazank! Jose Angel Cuerda berri baten ilusioa dute batzuek, beldurra besteek. Ez ote den sigla eta ideologietatik harago doan luzerako alkatea izango. Bozen biharamunetik neurtuta logikoa da kezka hori. Halere ez da ahaztu behar agintarien bigarren legegintzaldiak gorabeheratsuak izan ohi direla. Gehiegizko konfiantzak itsututa akatsak pilatu daitezke, eta zauriak gaiztotu. 2019an hitz egingo dugu. Pufa.

 

 

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide