Politika dosia

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Larrañaga 2015ko mai. 15a, 02:00

Iñaki Larrañaga

 

Batzuetan antzeko gauzak dira hauteskundeak eta jaunartzeak. Sinesgabeak diren arren, erritua betetzen dute. “Politikaren krisiak indibidualismoa indartzen du. Nahiago dut jendea  politikan aritzea, ezkerrarekin egon ez arren. Politikaren aurkakoa faxismoa da. Nahiago dut politika kontserbadorea, baina politika”. Pepe Mugica uruguaiarrarenak dira hitzak.

Politika prime time bihurtu da, han eta hemen. Baina politikariak arazo ere badira, zahar zein berri. Itxuraz, edonor irensten du politikakeriak.

Etsigarriak dira politikari-fobo batzuk. Den-dena kaka zaharra dela diote, ordezkari guztiak berdinak direla: simaurra baino ustelagoak. Lauzpabost topiko edozelan kateatuz barrenak husten dituzte, ezjakintasunaren apologia gordinez. Beste batzuentzat, ostera, tankera handia dute hauteskundeek eta futbolak. Lehiak elikatzen du logikaren gaindi doan pasioa.

Asko gara aztertu beharrekoak. Hautes-porrak bete ditugu. Jokaldiak interpretatu. Alderdi honen erasoan boto zakua dakusagu, beste haren nekean, aldiz, kontraerasorako ahulezia. Joder, zenbat disfrutatzen dugun finalaren aurreko inkestekin. Eta geureak badira garaile? Hori txutea, txo!

Zeuk jakingo duzu M24eko emaitzek gauerdira arte esna edukiko zaituzten. Gau elektoralen zaleetakoa bazara, eta zerbaitek diost harra barruan daramazula, dosi atsegingarria opa dizut... Kanpainako alpiste zikinak akatu ez bazaitu behintzat.

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago