Gora txertoak

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Larrañaga 2015ko api. 17a, 02:00

Iñaki Larrañaga

Jaio. Ekin. Hil. Bihar amaituko du Gora Gasteiz-ek 2014ko azaroan hasitako jarduna. Gogoratu. Alkatea hauspotuta zebilen, han eta hemen “kaleak diona” bereganatzen. Tabua zen diskurtsoari hegoak eman zizkion. Nork ez du ordutik lantokian, tabernan edo lagunartean argudio parekorik entzun? Nola aurre egin hainbat jatorritako gasteiztarren arteko elkarbizitza pozoitzeari?

 

Arrazoiaren jabe izatea ez da irabazteko bermea. Marotori ezin zitzaion iraina, burla eta boikota bakarrik egin, ezta ere iskanbila baretzeko (“Marotori kanpaina egiteko”) gaia alboratu. Handiegia zen elur bola. Diskurtso alternatiboa eraikitzea premiazkoa izan da, esparru mediatikoan barne, isiltasunaren espirala eragozteko. Gora Gasteizek berak eta ildo beretik jo dutenek hiru helburu lortu dituzte gutxienez.

 

Bata, hiri solidarioa ikustaraztea (adibidez, Irantzu Lekueren #6000zpt artelanarekin). Bigarrena, Maroto eta enparauen kanpaina biluztu eta oposizioa argudioz hornitzea. Hirugarrena, gizarte aurrerakoia eredu dutenen sarea ehuntzea. Beste modu batera esanda, arrazismoaren kontrako txertoak sustatu dituzte eta eritasuna zabaltzeko baldintzak murriztu. Egitasmoaren lorpenez jakin nahi nuke beste zerbait: ea zenbateraino balio izan duen jomugan izandako komunitate magrebtarrarekin harremanak estutzeko. Aniztasuna hitzetatik ekintzetara daramatenak ez daitezen soilik Alde Zaharreko Ramon Bajo eskolan-eta elkartu.

 

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide