Funtsean, ordea, Arabako fenomeno honek betiko mezua dakar, garaien estetika diskurtsiboan egokitua. Moroak dira etsai, eta bertakoak lehenbiziko. Eusko Jaurlaritzako nazionalistek Bilboren itzalera kondenatu gaituzte. Gasteizen euskara inposatu nahi dute, Vitoriako tradizioak eta idiosinkrasia zaindu behar da, mar-mar, mar-mar. ¡Y Viva la Virgen Blanca!
Txorizoa patatekin jaten den bezala irentsi ditu mezu hauek jende askok eta askok. Garaiak, txikiak, eskuinekoak, ezkerrekoak, sabelean ilea duten gizonak eta zelulitisak laguntzen dituen emakumezkoak. Denek, gauza bat daukate komunean, DNAn-edo VTVa txertatuta (vitoriano de toda la vida). Gasteiz(tarrak) beste ezeren gainetik -’españolazo’ izatearen oso gainetik, bidenabar-. Bizilagunaren beharrak bost. Beste modu batean esanda, zentral nuklearren alde izanagatik Garoña itxiarazi nahi dutenak eta hegan egiteak beldurtzen baditu ere Foronda ixteak sumintzen dituenak (ez arrazoi sakonengatik, Loiuk lehenesten delako baizik). Adibide hobeago bat: autobus geltokiari Adolfo Suarez izena jarri nahi ez ziotenak dira… Suarez gasteiztarra ez zelako.
Sektore zabal hau etiketatu behar izanez gero hitz bat erabiliko nuke, belaunaldi berriei zuzendua batik bat: kosmopaletoak. Azken honen neodefinizioa: bere burua munduko hiritartzat izanik ezkaratzetik irten ez dena. Gainera, ez da jarrera itsu horrekin konformatzen. Bere burua abertzale partikulartzat duenari irri egiteko joera du, espainol batu unibertsalean. (oharra: gehiegi orokortzen ari naizela uste baduzu, ez kezkatu, zurekin ados nago)
Miresten dut Javier Maroto. Gizarte sektore plural honetara heltzeko ahalegin kolosala egin du. 2015eko hauteskundeak poltsikoan dauzka, beste artikulu batean eman nituen arrazoiengatik.
Banoa amaitzen, Hirinet-eko irakurle hori, ez zaitez oraindik El Correo-ko bideoetan sartu. Onena etortzear da.
Kontua da ideia hauek guztiak komunetik behera botatzeko puzker-erdira nengoela, hau agertu zaidala begien aurrean: NORTE EXPRESS. Noticias de Vitoria y Álava. El último periódico vitoriano vuelve 32 años después. Defendemos nuestra ciudad y el territorio sin contemplaciones.
“Alavés sin complejos”, #DefendamosÁlava, #OrgullodeCiudad eta horrelako formulazioak entzuten ditudanean dardarka hasten naiz. Ipar eta hego dauzkagun bizilagunak egurtzen hasteko tranbia-geltoki bakarrera daude lelo horiek (kontrako norantzan, “nire aitaren etxea defendatuko dut” esaldiak ospe handia izan du. Zer pentsatua ematen du).
Harira. Norte Express Arabako egunkaria “kontserbadorea, antinazionalista (sic), tradizionalista eta probintzialista” zen, eta orain itzuli egingo da. Ez ditut kakotxak asmatu, abertzale izateko susmorik ez dauzkan Tonia Etxarri kazetariak idatzitakoak dira.
Norte Expresseko fenomeno hauen kanpaina gogoangarrien artean azpimarratzekoa da ikurrinaren legeztatzearen aurkakoa. Unai Moraza Gasteizen.com-eko editoreak ekarri du garaiko editoriala sarera. Konplexurik gabeko arabarrak deitzen diote haien burua herdoilduari; orain 2.0 edizioa jarri dute martxan. Hau ere Araba da.