“Etxebizitzetan lapurretak asko igo dira”, azaldu diote bizilagunari, aurpegiaren imintzioan erreakzioa agertu zain. Lehenbizi ikaratu egin zaituzte. Paradoxikoa da oso. Segurtasun enpresen akuilu handiena segurtasun sentsazio eza da, edertasun produktuena ‘zatartasuna’ den bezala. Exageratua beti ere.
Zenbat eta alarma, giltzarrapo eta berunezko ate gehiago saldu orduan eta gizarte beldurtiagoaren seinale. Obsesionatu egiten nau kontu honek. Ikus bestela Ameriketako Estatu Batuetan modan dauden harresidun urbanizazioak (Gated communities). Gizartea osatzen duten hariak mataza ez bihurtzea dute helburu, zuriak eta beltzak, aberatsak eta pobreak, denak laukitxoetan sailkatzea elkarren arteko interakzioa eragotziz. Denok denon beldurrez bizitzea. Hara non eta pistolekin milaka suizidio eta biktima errugabe dauden herrialdean.
Bitan ostu didate bizikleta pare bat alprojek. Ez nau ba izorratuko! Baina, nahiago dut horrelakoak noizean behin sufritu lapurretaren ikaraz bizimodua konplikatu baino. Mesfidati patologiko izan baino (euritakoa aterki-ontzian utzi nahi ez duenik ere bada!). Segurtasun saltzaileek ez dezatela nere atea jo, diskurtso astun hau aguantatu nahi ez badute.