Ipuinak beldurrezkoak al dira benetan? Eta igual zuk gomendatutako adin tartea, alegia 4-6 urte, ez al dira txikiegiak beldurrezko ipuinak entzuteko?". Nire erantzuna: Ez. Beldurra gainditzeko, beldurtu baino, beldurrarekin jolastu behar da.
Zu, guraso, heldua zarenez, saioan gertatuko dena zure beldurren filtrotik pasatzen ari zara, kontuan hartu gabe oraindik ez duzula ezer entzun, eta kontuan hartu gabe haurrak ipuinak entzuterakoan beldur sinbologiarekin jolasten duela, ez helduen tontakeriekin.
Uxa uxa, beldurra…beldurrezko ipuin saioa osatu dut duela aste gutxi Ibaiondoko gizarte etxean. Haurrak lurrean eserita, begiak zabalik gertatuko denaren zain, eta gurasoak, begi txiki eta makurrez, zer gertatuko den zain ere. Lehenengoak intriga eta irrikaz, bigarrenak kezkaz eta mesfidantza apurrekin.
Hantxe ni, eserita, haurren aurrean. Nire ahotik nik asmatutako hitz sorta atera da: "Uxa uxa beldurra… nor ari da dardarka?/ bihotza ari da ba, danba danbaka, danba danbaka/ Uxa uxa beldurra… nor ari da dardarka/eskuko hatza ari da ba, ñir-ñirka, ñir-ñirka….".
Hitz sorta asmatutako hasiera mantra bat da, nire haurtzaroan zerbait magikoa kontatu baino lehen abestu zizkidaten kantak edo hitz jokoak. Mantra hau entzutean haurra kontu zaharren munduan sartzen da, eta berak ondo daki, edo jakin beharko luke, kontu zaharren mundua mundu segurua dela, gizakiok sortu dugun gure psikean dagoen mundu propioa, arbasoetatik jasota bizi garen mundua ulertzeko. Txikitan, mundua ezagutzeko irrikan baikaude.
Eta bai, beldurrezko kontu zaharrak entzutean haurrak urduri jartzen dira, beldurtu egiten dira, ikarak hartzen ditu. Eta entzuten dutenarekin beldur direnean begiak tapatzen dituzte hatzekin, ez ikusteko, maindire azpian ere sartzen dira bere irudimenarekin.
Eta nik, kontalariak, nire ahotik bere belarrietara, baina baita nire begietatik bere begietara; haurra konturatu behar da psike munduan seguru dagoela beldurrarekin jolastu ahal izateko. Hau gerta dadin, hona hemen nire trukoa: beldurrezko ahotsa erabiltzen dudanean nire begirada lasaia eta maitekorra izan behar da, eta alderantziz…
Horrela, beldurrarekin jolastu eta "ez da ezer gertatzen" ikasi eta barneratuko dute, maindire azpitik aterako dira eta hatzak ez dira izango beldurraren kartzelaren barroteak….
Eta hasierako mantra hori nola bukatzen den jakin nahi duzu? Horrela: "Uxa uxa beldurra, nor ari da dardarka, zurekin batera beldurtzen den munstroaren gorputza...".
Iñaki Carretero
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.