Ea zer den "Lo-lo-lo" bat? Erraza: Nire hiztegi pertsonalaren arabera, nire sentimenduz kutsatuta dagoen horrek horrela dio:
1-. iz.: Melodia edo abestiren bat hartzen duena, eta nota edo hitz bakoitza "lo" batengatik aldatzen duena, "lo-lo-lo-lo-lo-lo…".
2-. iz.: Normalean, ahobetez, lelo interesgarriren bat edo ideia potenteren bat zentzu gabeko mantra bezala botatzen duen norbanakoa, "lo-lo-lo-lo-lo...".
Hori bai, "lo-lo-lo" ozen bota behar da, sakon, eta trakeak ematen duen oihartzunarekin.
Azken aldi honetan, kirol zelai, zenbait manifestazio, kontzentrazio, zenbait aldarrikapen jai eta bestelako hainbatetan parte hartzea kostatzen zait, oso eroso sentitzen ez naizelako, gero eta "lo-lo-lo" gehiago egoten direlako gune horietan...
"Lo-lo-lo"-ek ez didate beldurrik ematen, ez. Beldurra eta errespetua ematen didana zera da, hauen inguruan sortzen den giroa. Taldea edo artaldea?
Zaldi bat irrintzika dabil pozik, lasai, gustura zelaian, ondo daki indartsua dela, baina aldi berean ahula, horregatik taldean bizi da. Komunitatearen parte denez, ekintza komunak eta gehigarriak egiten ditu taldea aurrera eraman ahal izateko. A! Talde hauek ez dira oso handiak izaten. Argi dute talde txikietan bakoitzaren indarra eta nortasuna ezinbestekoak direla aurrera egiteko. Eta irrintziak botatzen dituzte alai edo jolasten daudenean, disfrutatzen edo zerbait defenditu behar dutenean.
Taldea
Ardi bat balaka ari da. Urduri, galduta sentitzen da artaldearen falta sumatzen duelako. Artaldeak ahuldu egiten du ardiaren nortasuna, baina artaldean babestuta sentitzen da, berak ez baitu ezer egin behar. Egon eta balaka aritzea, besterik gabe, lasai. Artaldean onartuta, salbu, izateko norberaren nortasuna ez da komeni, horregatik gero eta artalde handiagoa bada hobeto. Eta ahal bada guztiak batera balaka, ozen eta sakon, eta ahal bada jarraian "lo-lo-lo" artaldetik kanpo dauden gizakiak kontura daitezen zarata handia egiten dugula, artaldea garelako.
Ez dakit ondo nola azaldu. Nahi gabe edo nahita "lo-lo-lo" bihurtzen garenean, nire ustez, ardi bihurtzen gara. Eta pertsonaren nortasun indibiduala galdu egiten da horrela. Euforia, festa, aldarrikapenak, pentsamenduak ez dira talde sentimenduak izan behar, baizik eta sentimendu pertsonalak, taldean banatu eta partekatu behar direnak.
Iñaki Carretero
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.