kalea bizi

Beste asmo bat izan arren

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Carretero 2023ko aza. 3a, 09:59

Matuzine jaialdia ospatu berri dute, Maturako elizan. Argazkia: MATUZINE

Konturatu dira, energia berriztagarriaren ardi azalaren azpian, agian, otsoa dagoela….

Zibilizazioaren oinarriak, tamalez, beldurraren gainean zimendatu eta hedatuak daude, eta beldur horiei aurre egiteko gizakiok, herritarrok, beldurrezko istorio eta ipuinak sortu ditugu, urteetan zehar agintariek eta boteretsuek beste asmo bat izan arren. Argi eduki! Urteetan sortutako beldurrezko istorioek eta ipuinek larritasun, beldur edo sustoa eragin eta gero, propio, irribarreak eta inoiz sentituko ez dituzun zirrarak bilatzen dituzte. Horrela, ipuin xume batek erakusten digu goikoek asmatutako eta asmatuko dituzten istorioak identifikatzen eta horiei aurre egiten. Horrexegatik, haurrei eta nerabeei ez zaizkie beldurrezko ipuinik kontatzen, baina, noski, beldurtzen irakasten diegu, txikitatik. Kontrolpean egon daitezen akaso?

Asteburu honetan, Matuzinen, 40 lagun dituen herriak antolatzen duen zinema jaialdi batean Alcarràs pelikula ikusi dut; eta kontatzen duen istorioa ikusterakoan eta entzuterakoan, nahiz eta beldurrezkoa ez izan, beldur energetikoa sentitu dut. Bai, beldur energetikoa sentitu dut: batetik, mundua martxan jartzeko behar dugun energiaren sorrerarena; eta bestetik, barruan dugun eta mugitzen gaituen energia nola suntsitzen diguten.

Filmak, laburbilduta, kontatzen digu, betidanik, energia sortzeko beharrak, diruak berak eta eguzki plakek landa eremutik eta landa eremuan bizi den familiaren zimenduak nola suntsitzen dituzten, edo hobe esanda, nola suntsitu nahi dituzten.

Bihotza ukitzen duten hainbat sentsazio jarri dira martxan nire barruan Alcarràs filmak kontatzen duen istorioa ikusterakoan eta nire barruan sentitzerakoan. Baina politena zera izan da, proiekzioan ziren herriko nerabeek gauza bera sentitu dutela, eta errepararatu diotela Arabako landa eremuan eta Lautadan bertan, oraintxe bertan, gure buru gainean jaustear dagoen arazoari: eguzki energia sortzeko moduari, eguzki plaken landaketaren kokapenari eta horren kudeaketari.

Konturatu dira, energia berriztagarriaren ardi azalaren azpian, agian, otsoa dagoela….
Eskerrik asko, Carla Simon, Alcarràs pelikularen zuzendari anderea, harro egoteko moduko lana egin baituzu; eta zure filma, ipuin moderno bezain zahar zoragarri hau kontatu diezulako, pasa den larunbateko gauean, Matuzinera filma ikustera etorri ziren pertsonei, baina gehien bat herriko nerabeei; eta ziur nago gaztetxo hauek inoiz sentituko ez dituzten bizipen zirrara propioak izango dituztela, bizitzaren bidean ibiltzea lagunduko dizkietenak, hasieran esan dudan bezala, agintariek eta boteretsuek beste asmo bat izan arren. 

Iñaki Carretero.

 

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago