Ez dakit jakingo duzuen, baina haurrei ipuinak kontatzeaz gainera, azken bost urte hauetan txakurrekin eta katuekin lan egin dut. Eta agian horrexegatik niregana etorri zen haur literaturako euskal idazle oso ezagun bat, eta misterio ahotsarekin belarrira esan zidan: "Hi, Iñaki, galdera bat bota behar diat, animaliekin lan egiten duanez. Pentsatzen duk txakur arra edo emea izaeraz desberdinak direla?". Eta nik: "Bai horixe". Eta berak gero eta hurbilago: "Ez nazak gaizki ulertu, baina hik uste duk haur arren eta emeen artean desberdintasunak daudela? Izaeraz diot, izaeraz". Eta ni hantxe, buruko polizien ezpataren eta "normaltasunaren" hormaren artean, tripak baietz esan nahian eta gogoak ezetz.
Azkenean, tripak irabazle, baietz esan nion, desberdinak garela, baina animalia ugaztun sozialak garen heinean, heziketa, kultura eta gizakiok ditugun tontakeriak alde batera utzita, ulertzen ez dugun barruko horrek, tripetan dagoen animaliaren hotsak, soilik horrek egiten gaituela desberdi. Gainontzeko guztiak ez, hori jartzera behartzen gaituzten edo jartzen ditugun mozorroak dira. Tripakoa ezinezkoa da aldatzea edo behintzat latza da, baina gainontzeko guztia guztiz aldakorra da, eta batzuetan, askotan, gehienetan, aldatu beharrekoa.
Orain dela urte batzuk, berdintasun teknikari batek, emakumearen eguna zela eta, bost eta sei urte bitarteko umeentzat ipuin saio bat osatzeko eskatu zidan. Gaia? Emakumearen Eguna. Ni mutila naizenez, kontatu behar nuena onartu behar zuen berak.
Eta nik bi proposamen egin nizkion. Lehenengoa, nire errepertorioaren ipuinak kontatzea ezer aldatu gabe, eta ipuinaren pertsonaia nagusia mutila bazen, bukaeran esatea: "Eta protagonista neska bada, berdina da". Eta neska balitz: "Eta protagonista mutila bada, berdina da". Gizakiak ematen dizkigun estereotipoetan sartu gabe, haur bakoitzak pentsa dezala nahi duenari aukera ematea. Teknikariak, haurrengan zer sentiarazi nahi nuen oso ondo ulertu gabe, baietz esan zidan.
Bigarren aukera, Urrezko kizkurtxoak ipuinaren pertsonaia nagusia aldatzea zen, neska ordez mutila jartzea, eta ipuinak pertsonaiari atxikitzen dizkion gizarte tradizionalaren ezaugarriak kendu gabe, alegia neska lotsagabea, berritsua, xalabardera, kuxkuxeroa… Teknikariak ezetz, ez zuela onartzen esan zidan; eta nik zergatik galdetu nion, eta berak erantzun zidan mutil entzuleek gaizki pasa zezaketela hori entzuterakoan, kizkurren ezaugarriak sentitzerakoan. Eta nik orduan: "A! Mutilak ez al gara ba lotsagabeak, berritsuak, xalabarderoak, kuxkuxeroak?". Ez zidan utzi ipuina kontatzen… ulertezina.
Mutilak eta neskak, emakumeak edo gizonak, desberdintzen gaituen gauza bakarra tripetan dauzkagun sentsazioak eta sentimendu primarioak dira, animalienak, eta hauek ez dira lotzen pitilin edo potorrarekin.
Fuera bizitzaren inauterietan jartzen ditugun edo jartzen dizkiguten mozorroak! Horiek desberdin sentiarazten gaituzten jantziak baitira. Fuera!