Ongi etorri ez da 'felpudo'

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Carretero 2022ko aza. 13a, 12:00

PIXABAY

Eta, epaile jauna, artikulu hau irakurtzen baduzu, hanka gorria jaioberri bat da, kasu honetan gure Hazia txikia: Hazia, hazi alai eta indartsu.

Orain dela astebete, gosaltzen ari nintzela, jaioberria zen Gasteizko hanka gorri bati Hazia izena jarri nahi ziotela irakurri nuen.  Segundo bakarrean burutik  hainbat pentsamendu polit pasa zitzaizkidan: hau izen xarmanta, hau soinu polita duena, eta bai ederrak barruan sortzen dituen sentsazioak eta emozioak. 
Baina, albisteak aurrera egin ahala, konturatu naiz nire burua ez dela hiztegi hotz bat; are gehiago, nire garunak ez dituela itzulpen hotzak egiten; nire burmuinak duen hiztegiak, hitzez gain, emozioak, erabilera, kultura maitatzeko erak ditu barneratuta. Hau da, gure hizkuntza berak duen idiosinkrasia dut nire barruan.
Gasteizko erregistro zibileko epaileak esan du Hazia "semena" dela? Hau buru beroa duena epaileak. Nire irakurle maiteak, euskaldunak diren nire irakurle txit maite guztiei galdera egin nahi dizuet. Zuek "hazia" hitza entzuterakoan, zuen buruan "semena" hitza agertzen zaizue? Ez, ziur nago zuen buruetan "hazia" hitza entzuterakoan "hazia" hitza agertzen zaizuela… Nola azaldu boterea duen pertsonaia horri gaztelaniak duen inperialismoak ezin duela suntsitu gure hizkuntzak dituen ezaugarriak?

Ez, epaile txit agurgarri hori, ez; gaizki, oso gaizki, zu ez zara euskalduna, euskara ez da itzulpen bat soilik, zentzu propioa dute gure hizkuntzak eta gure hitzek, eta gaztelania ez dago euskararen gainetik, hau da, euskarak ez du  gaztelaniaren ispilua behar, euskara euskaraz ulertzen delako.

Epaile txit agurgarri hori, ongi etorri ez da felpudo, eskumuturra ez da muñecas, erakartasun parkea ez da parque de atracciones eta bigarren landare ez da segunda planta, ez.

Hazia hazia da, eta haziak ez du semena esan nahi; hori bai, euskaldunentzat semena beste hazi mota da ere, hazia. Baina epaile txit agurgarri hori, zuk hau ez duzu ulertuko, ez zarelako euskalduna, eta  itzulpen zuzenak egiten dituzulako pentsatuz euskara gaztelania dela; eta ez, euskarak arima propioa du, euskara ez da soilik hitz egitea, euskara, euskaraz amestea da. Baina zuk hau inoiz ez duzu ulertuko.

Eta, epaile jauna, artikulu hau irakurtzen baduzu, hanka gorria jaioberri bat da, kasu honetan gure Hazia txikia: Hazia, hazi alai eta indartsu. Epaile jauna, haziak hazten direlako…  

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago