E: zerbait (kontzeptuak barne) bide elektronikotik jakinarazten digutela adierazten duen letra.
Mozioak: batzorde erabakitzaileetan, kide batek edo gehiagok egiten dituzten proposamenak.
Indexatu: datu edo informazio batzuk ordenatzea, guztiek duten irizpide komun baten arabera, errazago kontsultatu eta aztertu ahal izateko.
Emozioak, benetakoak
Aspaldiko partez, kanpin batean igaro ditut nire oporren zazpi egun. Eta hainbat gauzekin emozionatu naiz. Hemen adibide batzuk: "zerbitzuen eraikinean", kanpoko hormetako komunean pixa egiten ari nintzenean, leiho txiki batetik, beste aldean, barruan "kakañean" zegoenak botatzen zituen barruko soinuak entzun dira. Emozionatu naiz.
Soinu horiek entzunez, nire txilibitutik pixa nola ateratzen den ikusten duen marisorgin begiradak ere emozionatu nau.
Gure autokarabanan deskuiduan bazkaltzera sartu den gurea ez den haurrak, horrek ere emozionatu egin nau.
Afaldu ostean, guk gaztelaniaz eta gure lagunak alemanez, batera, La abeja Maya abesten hasi garenean inguruko partzelakoak gurekin batera abesten hasi direnean bakoitzaren hizkuntzan, (frantsesez , italieraz, ingelesez…) Mayaaaaa!, horrek ere emozionatu nau.
Baina gaur goizekoa berezia izan da. Hantxe, autokarabanara sartzeko dagoen eskaloian eserita, nire begiak zabaltzeko hartzen dudan kafearekin nengoenean, goizeko lehenengo eguzki izpi beroekin batera entzun dut: "Spiderman, Spaiderman…". 6-7 urteko haur baten ahotsa zen: "Spiderman, Spaiderman…", nire txikitako marrazki bizidunen abestia. Lepoa luzatu dut, eta hantxe dabil haurra jolasten, alde batetik bestera saltoka, armiarma sare magikoak botatzen. Hantxe, bera emozioak sortzen, emozioaz disfrutatzen, barruko emozioekin gozatzen, eta agian bere erara sortu dituen emozioez ikasten, barnetik sortutakoak, emozioak norbanakoarenak direlako, bakarrak, ez zuzenduak…
E-mozioak, indexatuak
E-mozioak aldiz, ez dira norbanakoarenak, ez dira bakarrak, kontuz. Norbaitek proposatutako sentsazioak dira, kontrolatuak. E-gailuetatik guri eta haurrei "proposatzen" dizkiguten emozio produktu gehienak guztiok berdin emozionatzeko kontrol tresna bihurtzen ari dira, nire ustez. Eta gehien izorratzen nauena da emozioak, beno hobe esanda E-mozioak, identifikatzeko modan jarri diren E-produktuak (elektronikoak ez direnak badira ere).
Zer identifikatu behar dugu sentitzen ez dakigunean edo, hobe, sentitzen uzten ez digutenean, dena indexatua egon behar delako? Sentsazioak, pertsonalak, arriskutsuak al dira? Arriskutsua al da gure erara hitz egitea? Indexarik gabe gure txikiekin edo gure sentimenduekin? Emozio propioa edukitzea arriskutsua al da?
Gora jende ausarta eta arriskutsua! Spiderman, Spiderman! Eta animo kurtso berriarekin! Eta kalea bizi! Kalea gurea baita.