Kalean jolasteko prest?

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Carretero 2022ko mai. 8a, 10:00

UZTARRIA

Konkista ditzagun berriz ere gure herriko kaleak. 

Haur arriskutsuak gustuko ditut, eta horretarako kalean jolastea onena. Udaberria gurekin, kalean jolasteko garai goxoa da, hori bai, argi eduki, bustiko, zikinduko edo zaurituko garela, eta bai, kalean jolasten belaunak arriskuan daude!
Bi joku polit azalduko dizkizuet gaur, guztiz herrikoiak eta dibertigarriak.
Sokasaltoa. Lehenengo era: zure maitearekin noiz elkartuko zaren jakiteko kanta. Bi lagunen artean sokari heldu, eta hasi sokari eragiten. Kanpotik, beste lagun bat sartuko da soka artean saltoka hasteko prest, eta guk bitartean abestu egingo dugu:
"Aita, ama,
zenbat urterekin ezkonduko naiz".

Momentu horretan eragin gogorrago sokari eta hasi kontatzen. Laguna erori edo atera arte.

"Bat, bi, hiru, lau…".

Bigarren era: gerria indartzeko abestia. Bi lagunen artean eragin sokari. Hirugarren laguna saltoka hasten denean, eta abestiak "gora" esaterakoan, lagun hori makurtu egin beharko da, eta zuek sokari bere buruaren gainetik eragin beharko diozue, abestiaren hurrengo esaldia esan arte.

"Gure herriko, gora!
neska-mutilak, gora!
soka saltoan, gora!
gabiltza finak,gora!
horregatikan, gora!
guztiok gaude, gora!
oso lirainak, gora!
ta saltarinak! gora!"

Bote Bote. Ontzi zaharra, lata edo baloia plaza erdian utzi. Bi zozketa egingo ditugu: lehena atxi izateko (geldirik geratzen dena) eta bigarrena boteari ostikada emateko.
Jokoa hasi da. Dagokionak bote-ari ostikada emango dio, markatutako lekutik ahalik eta urrutien botatzeko asmoarekin. Atxi, berriz, botearen bila joango da, eta jolasten ari diren beste lagun guztiak ezkutatu egingo dira. Atxi bizkarra emanez itzuli beharko da markatutako tokira, eta ondoren lagunak aurkitu beharko ditu. Aurkitzen dituenean, botea hartu eta lagunaren izena esanez, "bote bote" esan beharko du, ozenki.  Noiz apurtzen da lapikoa? Atxik lagunen izena gaizki esaten duenean edo despistatuta dagoenean, ezkutatuta zegoen lagun batek boteari ostikada bat ematen dionean. Orduan, denak libre, jolaskide guztiak ezkutatu eta berriz hastera…

"Din, don, kikilikon,
 saltsa pika, tortolika, de-bu-zon,
aitona Martzelon,
Iji Aja, Martzelino Galtzak,
galtzak txorizo, txorizo kalabaza,
Xanta Tomaxa!"

Konkista ditzagun berriz ere gure herriko kaleak. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago