Euskararen Eguna

Sentitu egin behar da

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Carretero 2021ko abe. 5a, 10:00

Pena ematen dit ikusteak nola herritik sortu diren ekintzak instituzionalizatzen hasten diren, euskararen alde bete behar diren beste ekintza bihurtzen ari direla, "porke toka".

Gizakiok dena sailkatzeko ohitura dugu. Ikusten dena zatitzen ohi dugu, eta ikusten ez dena ere banatu ohi dugu entitate fisikoa ez duenari gorputz fisikoa emateko. Segundo, minutu, ordu, egun, aste, aldi… denbora zatitzeko eta sailkatzeko kontzeptuak, eta, nola ez, efemerideak gogoratzeko tarteak.

Abenduaren hiruan Euskararen Eguna dugu. Entitate fisikoa ez duen euskarari entitate fisikoa ematen dion efemeridea agian? Ba igual bai… Egun horretan entitate publikoak, eskolak, kaleak, egunkariak, telebistako programak, irratiko albistegiak eta bestelako tokiak euskaren aldeko kartelez eta kontsignaz betetzen dira, ea gure barneak duen hizkuntzarako tartea betetzen duten. Baina tarte hori emozionalki betetzen ez bada, malo. 
Agian, euskaraz bizi behar dugu gure barnean euskaraz bizi ahal izateko, gramatikak eta semantikak soilik ez baitute hizkuntz bat egiten. Euskarak izena du, eta horrexegatik dago bizirik. Euskara ez da titulu bat derrigorrez ikasten dena gero ez erabiltzeko.

Gauza bat da euskara jakitea eta beste bat da euskararekin disfrutatzea, nahiz eta erdarakadak erabili. Euskara ez da erdararen itzulpen on bat; beste zerbait da, entitate propioa du, gure barnearen tarte hori bete behar du. Pena da ezin dela sailkatu; sentitu behar da, bakoitzak sentipena jarri behar dio, gure baitako tarte hori euskarak bete dezan.
2022ko azaroaren 18tik abenduaren 2ra izango da Euskaraldia. Aldez aurretik esan beharra dut euskararen alde sortzen diren ekimen guztien aldekoa naizela (tira, gehienen aldekoa), eta are gehiago euskara sentitzea helburu dutenak, Euskaraldia bezala, baina pena ematen dit ikusteak nola herritik sortu diren ekintzak instituzionalizatzen hasten diren, euskararen alde bete behar diren beste ekintza bihurtzen ari direla, "porke toka", euskaltegiko ariketa bat izango balitz bezala, bete beharrekoa, hotza.

Iniziatiba hau martxan jarri zenean, ni han nengoen buru-belarri laguntzen, nire barneko hizkuntza-tartea berotzen zuelako; baina orain, eta ez dakit zergatik, ez nau gehiegi berotzen, agian instituzionalizatu delako? Herri ekimenaren kutsu hori orain sentitzen ez dudalako? Hausnartu behar dudan gauza bat izan beharko da. 
Bai, agian hil honetako artikulua apur bat ezkorra atera zait, bai, baina tira, efemerideak edukitzeak arrisku hori du, burua martxan jartzen zaidala… 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago