La Palmako lagun bati, sumendia esnatu zenean, zera esan nion: "Naturak izena du, eta horrexegatik da". Gizakiok bere izena ahazten ari gara, baina berak isilpean bera izaten jarraitzen du.
Eta naturari ez zaio inporta gu bere gainean, bere barnean, albo batetik, bestetik, deskalabruak egiten badizkiogu, ez. Eta berak ez digu ezer kobratuko, ez; berak ez desagertzeko iraun egingo du, eta, horretarako hil behar badu, gu suntsituko gaitu, besterik gabe. Naturak bere izaera moldatzen ondo baitaki. Gaurko gizakiok, ordea, natura zaintzen dakigu bakarrik, adabakiak jartzen, konponketak bilatzen ezer ez egiteko.
Zaintzea.
Bai, haurrak, natura zaindu egin behar da. Zure aparatu elektronikoek behar dituzten "harribitxiak" ateratzeko egin ezazue zulo handi bat Afrikan, baina zaindu zulo horren ingurua argazkietan atera ez dadin.
Bai, ekologista zara, baina joan zaitez Londresera hegazkinez, merkea da eta! bidaiatzea ez da txarra! Eta eraman goretexa euriaz babesteko, hori fabrikatzeko isuri dituzten kontaminatzaile guztiak urtu egingo baitira Asiako hainbat ibaitan... Portzierto, tableta eramango duzu Netflix ikusteko?
Adabakiak jarri.
Zu, lasai, Londrestik bueltatzerakoan zuhaitz pare bat landatu eta etxera bueltatu kotxe elektriko batean. A! Esan didate goretexa apurtu zaizula, ba bota dagokion kontenedorean, birziklatzea baita etorkizuna, ondo dakizu, zulo batekin goretexak ez duela ezertako balio eta adabakiak ez daudela modan... Hori esan didate Google-ekoek.
Konponketa bilatu.
Eros ezazu beste gore berri bat, ziur ez dela hain kutsakorra, eta hala bada ere nik horren kontrako tasak ordaindu ditut, egin beharrekoa egin dut, lasai asko jantzi dezaket gustuko jaka tekniko berri hori. Gainera, klima aldaketarekin, mendian dagoen elur guztia urtuko da azkarrago eta oihal hau propio da horretarako... Zer esaten duzu? Bi urte daramagula elurrik gabe? Zu lasai, aurten esaera zaharrak asmatu du: Ezkur urtea, elurra potrotaraino...
Ama lurrak, naturak bere burua arriskuan ikusten duenean gauzak aldatuko ditu, guk aldatu duguna konpontzen saiatzeko, eta ezin badu, beste natura mota bat sortuko du gu gabe. Atzo, etxeko txikiak esan zidan: "Zuhaitza landatzen badugu, argindarra erabili dezakegu. Hori esan dute telebistan". Kristauen aitormena eta penitentzia modernoa, zuk egin nahi duzuna eta gero lau aitagurerekin dena konponduko da, hori bai "munduaren amaiera" ailegatu arte...