Iritzia

Saharar erresistentzia

Erabiltzailearen aurpegia Igor Muñoz 2026ko maiatzaren 14a

Argazkia: IGOR MUÑOZ

"Egun, musika herentzia horrek aurrera jarraitzen du Aziza Brehaim moduko artistekin"

Aurten 50 urte bete dira Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoa (SEAD) aldarrikatu zutenetik. Espainiak kolonia abandonatu eta Marokok indarrez okupatu zuenetik, dagoeneko mende erdi baino gehiagoko borroka igaro da. Sarritan, Sahararen historia ikuspegi politikotik kontatzen digute, baina Tindufeko errefuxiatuen kanpamentuetan bizi dena zerbait sakonagoa da: herri gisa irauteko borroka bat. Apirilaren 8 eta 9ko asteburuan, Tindufen bertan antolatutako oroitzapenezko ekitaldian, horrenbeste erresistentzia diskurtsoren artean, mezu argi bat errepikatu zen behin eta berriz; saharar nortasunak bi zutabe ukaezin ditu oinarri: hezkuntza eta kultura. Eta kulturaz aritzean, agian musika da komunitate oso bat hoberen bil dezakeen artea.

Testuinguru horretan nabarmentzen da haul-a, saharar herriaren musika tradizionala, "hitzaren artea" bezala ezaguna. Izan ere, ez da genero musikal hutsa, herri baten historia kolektiboa kontatzeko modu bat da, belaunaldiz belaunaldi memoria transmititzeko eta lapurtutako lurraldearekiko lotura bizirik mantentzeko bidea. Berezkoa duten hassania dialektoari lotutako ahozko tradiziotik sortua, haula tidinit (normalean lau hari dituen musika tresna), ardin (hamabi hari ditu eta tradizionalki emakumeek jotzen dute) eta tabal bezalako tresnekin interpretatzen da; azken hau, emozioz eta erresistentziaz betetako kantuen erritmoa markatzen duen danborra da.

Haulak denborarekin bilakaera handia izan du. Bere esentzia galdu gabe, gitarra elektrikoak eta soinu modernoagoak barneratu ditu. Eta eraldaketa horretan ezinbesteko figura bat dago: Mariem Hassan, Saharako haul modernoa zabaltzen aritu zen ahotsik aipagarriena. Bere musika hunkigarriak mundu osora zabaldu zuen erbesteak eragindako mina eta duintasuna. 2015ean hil zen.

Egun, musika herentzia horrek aurrera jarraitzen du Aziza Brahim bezalako artisten lan eta konpromisoarekin. 2009an, Oreka TX txalapartarien Nomadak proiektuari esker ezagutarazi zen Euskal Herrian, eta aurten, otsailean, Brahimek berak Saharari Kantari jaialdian parte hartu du. Tindufeko urteurrenaren ospakizunetan, baita ere, zenbait artistak parte hartu zuten, besteak beste, Shuetak eta Mufeedek. Argi dago haula ez dela iraganeko gauza, bizirik den ondarea baizik.

Hemen, Araban, ez litzaiguke hain arrotza gertatu behar. Gasteizen saharar komunitate garrantzitsuenetako bat egonik, haula, neurri batean, Arabako egungo kulturaren zati bat ere bada. Entzutea eta ezagutzea ez da elkartasun keinu bat bakarrik, Sahara gure artean ere badagoela onartzea da, bidegabeki abandonatu zen herria.

Igor Muñoz.

 

 

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago