Iritzia

Petti & Lanegan

Erabiltzailearen aurpegia Igor Muñoz Oñederra 2023ko abe. 27a, 10:00

Petti. Argazkia: Dospordos

"Kontzertu bakar baterako jaiotako proposamena orain Gasteizen errepikatuko da"

Euskal kulturaren misterio handienetako bat da Petti musikaria nor den ez dakienik egotea. Penagarria da Berakoaren mailako artista bati musika lanbide gisa uztea ere pentsatzen aritu dela entzutea. Egun, bistan da artista handia izatea, berez, ez dela nahikoa berme musika industriak sortutako oihanean bizirik irauteko. Musika ezagutza minimoak dituen enpresari batek talentu handiko musikari batek baino arrakasta aukera gehiago dituen garaian bizitzea egokitu zaigu.

1990eko hamarkadaren erdialdetik, Petti gure geografiako bazter guztietatik biraka ibili da, 25 urte baino gehiago musikagile, abeslari eta gitarrista gisa trebatzen. Aldian-aldian Gasteizen ere bere zuzenekoez gozatzeko aukera izan dugu. Batzuetan bakarka arituta, eta beste batzuetan Terry Lee Hale edo Barrence Whithfield bezalako musikari atzerritarrekin, baita Rafa Rueda, Anari eta Morau  kategoriako musikari euskaldunekin ere. Baina, beste ezeren gainetik, Pettiri "Etxeko uzta" deituriko musikari lagun minez inguratzea gustatzen zaio, Berako rock instrumentistez, alegia.

Urte amaiera honetan Petti Gasteizen izango da. Hain zuzen, abenduaren 28an Jimmy Jazzeko agertokira igoko da, oraingoan Mark Lanegan 2022ko otsailean 57 urte zituela hil zen musikaria omentzeko.

"Beste ezeren gainetik, Pettiri Etxeko Uzta deituriko musikari lagun minez inguratzea gustatzen zaio"

Lanegan 80ko hamarkadaren amaieran hasi zen ezaguna egiten Screaming Trees rock alternatiboko taldeko abeslari gisa, hots psikodelikoak berpiztu zituen banda eta grunge azpigeneroko talde askoren erreferente bilakatu zena. Izan ere, Nirvanako Cobain eta Novoselic kideek Laneganen bakarkako debuteko The winding sheet (1990) diskoan parte hartu zuten. Ondoren, Queens of The Stone Age (ekainean Gasteiza itzuliko dira) eta Gutter Twins taldeetan aritu zen, eta baita bakarkako dozena bat disko argitaratu ere.

2016an Pettik Zarautzen Lanegan pertsonalki ezagutzeko aukera izan zuen Euskal Herrian eman zuen azken kontzertuan. Naparrak izugarri miresten zuen Lanegan. Hala, Izar & Star ekimenak aise lortu zuen Bilboko Kafe Antzokiko Petti-Lanegan omenaldia egi bilakatzea. Arrakasta ikusita, kontzertu bakar baterako jaiotako proposamena Irunen eta orain Gasteizen errepikatuko da. Washingtongo maisuaren abesti gustukoenak joko ditu. Gitarra alde batera, ahotsean bete-betean jarriko du arreta, Laneganek oholtza gainean zuen jarrera indartsua lortzen saiatuz. Hilaren 28an Etxeko Uzta Joseba Irazokik eta Ruben Caballerok (gitarrak), Iñigo Telletxeak (baxua) eta Igor Telletxeak (bateria) osatuko dute.

Igor Muñoz.

 

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago