Petrucciani gogoan

Erabiltzailearen aurpegia Igor Muñoz Oñederra 2022ko urr. 21a, 08:00

Michel Petrucciani izango dute gogoan igandean. / Frederic Reglain

"Hitzordua urriaren 23an da; aukera ezin hobea pianista handiaren musikan murgiltzeko"

Denok ditugu gaztaroko oroitzapenak, zirraragarriak izateagatik oroimenean finko geratzen zaizkigun irudiak, eta bada bat nik oso gogoan dudana. Telebista piztu eta han zegoen piano baten aurrean eserita musikari bertutetsu bat, tamainaz txikia, metro bateko altuera baino ez zuena. Bere atzean entzuleak harrituta, piztuta, sentitzen ari zirenari erabat entregatuta.

Handik gutxira bere izena ezagutu nuen: Michel Petrucciani. Piano-jolea, kristalezko hezurrak izeneko jaiotzatiko gaitza izanda ere, teklatua era boteretsuan erasotzeko gai ziren atzamar arinak zituena. Maila goreneko teknika baten jabe zen, indar emozional liluragarria zuen, eta, oztopo fisikoak gorabehera, izaera eta umore oneko gizona zela diote.

Petrucciani Orangen jaio zen, Frantziako Proventzan, napolitar jatorriko familia batean. 1981ean Kaliformiara emigratu zuen, eta Blue Note zigilu ospetsuarekin sinatu zuen lehenengo musikari ez-amerikarra bilakatu zen. 1990eko hamarkadan, New Yorkera joan zen bizitzera, eta, han diotenez, bere izaera latinoak ematen dion ukitu liriko eta erromantikoak lagunduta, publikoa konkistatu zuen. 1999an, 36 urte besterik ez zituela, bizi-erritmoak eta birek akituta, birika-min batek betiko eraman zuen.

Bere ibilbidean ezin konta ahala musikarirekin aritu zen elkarlanean: Charles Lloyd saxoa, Jim Hall, Stephane Grapelli eta baita Dizzy Gillespie ere; 1984an, Freddie Hubbertentzat jotzen zuela, Gasteizko Jazzaldiko egitarauan elkarrekin agertu ziren.

Bizitzako azken zazpi urteetan, besteak beste, Flavio Boltro izeneko italiar tronpeta-jotzaile gazte batekin lan egin zuen, eta garai hartan Both Worlds diskoa grabatu zuten. Boltrok, hain zuzen, igande honetan, 25 urteren bueltan, Gasteiz bisitatuko du beste piano-maisu batekin, Chano Dominguez cadiztarrarekin. Elkarrekin lauko formatuan, Michael Oliviera bateria-jotzaile kubatarrak eta Martin Leiton kontrabaxu-jotzaile kanariarrak lagunduta, Petrucciani omenduko dute.

Flavio Boltro & Chano Dominguez Quartet: Play Petrucciani, kutxiko Dazz tabernaren ekimena da, aste honetan dastatzera eman diguten jazz menu bikainari amaiera emateko balioko duena. Hitzordua urriaren 23an da, 20:00etan, Dendarabako Vital Kulturgunean. Aukera ezin hobea pianista handiaren musikan murgiltzeko.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago